Bizkaie!-k 10 urte, eta aurrera egiteko indarrez

Bizkaie! 2012-04-02 15:44

Bizkaie! atari digitalak hamar urte beteko ditu laster, hain zuzen be apirilaren 8an. Bizkaierea zabaldu, indartu eta idatzizko ereduan normalizazino prozesuan laguntzeko asmoz abiatu zan 2002ko udabarrian. Hamar urteotako balorazinoa eta etorkizunerako erronkak azaltzeko prentsaurrrekoa izan da goizean, Bilboko BBK Salan.

Bizkaie! atari digitalak hamar urte beteko ditu laster, hain zuzen be apirilaren 8an. Bizkaierea zabaldu, indartu eta idatzizko ereduan normalizazino prozesuan laguntzeko asmoz abiatu zan 2002ko udabarrian. Hamar urteotako balorazinoa eta etorkizunerako erronkak azaltzeko prentsaurrrekoa izan da goizean, Bilboko BBK Salan, eta bertan izan dira Gorka Martinez BBK Fundazinoko burua, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Euskera Sustatzeko zuzendaria eta Koldo Isusi Bizkaie! agerkariko zuzendaria.

Bizkaie!-ren babeslei eskerrak emonez hasi dau prentsaurrekoa Koldo Isusi zuzendariak, izan be Bizkaiko Foru Aldundiak hasiera-hasieratik lagundu deutso Bizkaie!-ri; horrezaz aparte, urteotan Eusko Jaurlaritzea, BBK Fundazinoa eta Bilboko Udalaren babesa jaso dau. Beren-beregi Bizkaiko Aldundiari eskerrona adierazo gura deutsagu -esan dau Isusik- hasieratik geure babesle nagusia izan dalako, eta euren laguntzino barik ez genduzalako hamar urte beteko.

Musikea, literaturea, bertsolaritzea, antzerkia, kronika-bidaiak, jantzea eta kultura arloko makina bat kontu jorratu ditu hamar urtean Bizkaie! agerkari digitalak; hasikeran, hamabostero, astero ostean, eta gaur egun eten barik. Bizkaieradunei eta euskaldunei, oro har, askotario gaiak, gehienbat kulturako gaiak Interneten irakurteko aukerea emotea da gure helburua, azaldu dau Koldo Isusi Bizkaie!-ko arduradunak.

BBK Fundazinoko Gorka Martinezek azpimaratu dauenez, Bizkaie! urterik urte indartzen eta sendotzen joan da, bai eskaintzen dauen informazinoari jagokonez, bai maila sozialean be. Horregaitik, atariak etorkizun oparoa izango dauela erixten deutso.

Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputaduak Bizkaie!-ren garrantzia izan dau berbagai. Euskerea erabili eta zabaldu daiten laguntzen deusku -adierazo dau Kultura diputaduak- ikusteko eta irakurteko modu erraz eta erakargarriz. Bizkaie! eta Foru Aldundia bidelagun izan dira azkenengo hamar urteotan, Ariztondok berak nabarmendu dauenez, Bizkaie! bidelagun dogu, eta holantxe jarraitu daien nahi eta itxaroten dogu. Bizkaierea ezinbestekoa da Bizkaian euskereak iraun daian. Bizkai-euskerea ez da kotoi artean gordeteko altxor sagradua. Sortzeko, komuniketako, gozetako eta biziteko tresnea da, ganeratu dau Ariztondok.

Eusko Jaurlaritzako Euskera Sustatzeko zuzendari Bego Muruagak be parte hartu dau ekitaldian, eta nabarmendu dauenaren arabera, Bizkaie!-ren helburuekaz bat egiten dogu, hau da, bizkaiereari Interneten lekua egiteagaz, euskerea sustatzeagaz eta bizkaiera idatziaren normalizazinoagaz, besteak beste.

Urteotan kolaboratzaile ugari izan ditu Bizkaie!-k, besteak beste, Julen Gabiria, Edorta Jimenez, Rafa Rueda, Erramun Osa, Gotzon Uribe, Eneko Barrutia, Iratxe Ormatza, Gotzon Plaza, Asier Madarieta eta Manu Etxebarria. Gaur egun, Zigor Aldama, Karolina Almagia, Dabi Piedra, Miren Ibarluzea, Angel Dominguez, Markues, Iñaki Atxutegi eta Gorka Intxaurbe dira Bizkaie!-gaz maiztasun jakin bategaz kolaboretan dabenak. Zigor Aldama Shanghain bizi dan kazetaria Bizkaie!-ren hasiera-hasierako kolaboratzaile bakarra da, gaurko ekitaldian ezin egon, eta bideo laburra bialdu deusku aupadea egiteko.

10. urteurrena ospatzeko, Bizkaie!-k irudi barria dauka, daborduko sarean ikusgai dagoana. Urteurreneko kamiseta partidea atara ditue eta laster argazki eta esamolde lehiaketea abiarazoko ditue. Ganera, apirilean, astelehenero, alkarrizketa bereziak sareratuko dira, bikoteka egindako barriketaldiak; Xabier eta Miren Amuriza bertsolariak, Mikel Urdangarin eta Alex Sardui, Mikel Martinez eta Unai Elorriaga, eta Unai Basurko eta Kepa Acero.

Bizkaie!-ren ibilbidearen balorazino ona egin dau Koldo Isusik, izan be bisitei eta sare sozialetako presentziari jagokonez emoitza benetan be onak ditu agerkariak. 2011ko zezeiletik 2012ko urtarrilera bitartean, berbarako, Bizkaie!-k 942.816 bisita izan ditu, eta egunean batez beste, 2.746. Bisita guztien kopurua bikoiztu ia-ia bikoitzu egin dogu 2010eko datuakaz konparauta, eta egunerokoak be ia bikoiztu doguz.

Bizkaie! 2009tik sare sozialetan be badago, Facebooken eta Twiterren, hain zuzen. Facebook-en 3.200etik gora lagun daukaz eta Twitter-en, barriz, 2.664 twett idatzi ditue, eta 500 bat lagunek jarraitzen dabe. Horrezaz gan, Flickr eta You Tube kanaletan be profilak dagoz.

Facebook sareari jagokonez, 2011ko erabiltzaileen datuei erreparauta, gure mezuak 1.474.330 lagunek irakurri ditue. Astean, 400-450 bisita inguru izan doguz eta hileroko erabiltzaile aktiboak, barriz, 700etik 1.417ra bitartean. Erabiltzaileen perfilaren harian, gehienak gazteak dira, 25-44 urte bitartekoak eta emakumezkoak eta gizonezkoak parean dabilz (25-34 tartean, gizonezkoak % 15 eta emakumezkoak % 16; 35-44 tartean, gizonezkoak % 15 eta emakumezkoak % 12).

Bihar-etzirako erronken barri emon dau Koldo Isusik agerraldiaren amaieran. Orain arteko moduan ahalik eta agerkari onena, erakargarriena egiten jarraitzea da gure asmoa, erabiltzaileen premina, beharrizan eta gustoak kontuan hartuta, nabarmendu dau. Informazino izaerea, bizkaiera eredua, agerkariaren diseinua eta atal barriak dira Bizkaie!-ren ardura nagusienetakoak. Bizkaiera ereduari jagokonez, Labayru Ikastegiaren eredua dau oinari, bizkaiera jagia da gure aukerea, eta horretan atzera ez egitea da gure asmo sendoa, ganeratu dau. Edukiak irudiz eta soinuz horniduteko, bideoak sarriago sartzeko asmoa dauka Bizkaie!-k, eta sare soazialetan (Facebook, Twiter eta abar) presentzia indartzea. Horrezaz aparte, Bizkaie! eskuko telefono, smartpohne, tablet eta bestelako gailuetan irakurteko web aplikazinoa aurkeztu gura geunke laster, adierazo dau.

Prentsaurrekoaren amaieran, Xabier Amuriza bertsolariak pare bat bertso kantau deutsoz Bizkaie!-ri, 10. urteurrenaren harian:

Bi mila ta bi biribildu dau bi mila eta hamabik
esatea da ez da Bizkairik ez bada bizkaierarik
euskera dogu etxe handi bat gehiago handitu gurarik
teilatu bakar baten azpian hainbeste leiho zabalik
hainbeste leiho zabalik eta bat bera be itxi barik.

Eta oraintxe etorkizuna hori da gure kakoa
itxaropena izan daiela iraupen luzerakoa
izan daitela gure Bizkaie! amaierarik bakoa
atari edo lehio bat inoiz iluntzen ez dan lakoa
etxe barrua ikusteko ta etxe barrutik kanpora
etxe barrutik kanpora.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu