ArgIHIzkiak argazkietan oinarritutako I. testu laburren lehiaketea antolatu dabe Getxon

Bizkaie! 2012-04-24 17:45   kulturbiz

ArgIHIzkiak argazkietan oinarritutako I. testu laburren lehiaketea laster egongo da martxan, izan be lanak bialtzeko epea maiatzaren 1ean hasiko da, eta 31n amaitu. Egizu Getxo euskera alkarteak, UK aldizkariak, Getxophoto ekimenak eta Getxoko Udalak antolatu dabe sariketea.

ArgIHIzkiak argazkietan oinarritutako I. testu laburren lehiaketea laster egongo da martxan, izan be lanak bialtzeko epea maiatzaren 1ean hasiko da, eta 31n amaitu. Egizu Getxo euskera alkarteak, UK aldizkariak, Getxophoto ekimenak eta Getxoko Udalak antolatu dabe sariketea.

Literatur-ekimenaren helburu orokorrak, antolatzaileek eurek azaldu dabenez, jentea euskeraz idaztera eta irakurtera animetea da, eta Getxoko argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea. Hamabost argazkilariren irudi bana aukeratu dabe, eta lanotan oinarritutako testuak idatzi beharko ditue parte hartzen dabenek. Getxon holango lehiaketarik ez egoala eta, ipini dogu martxan. Euskerearen erabilerea sustatzeaz gan, herriko hainbat eragilek batera, alkarlanean, egin geinkenaren adibidea da, adierazo dau Koldo Iturbek Euskera zinegotziak.

Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal dau. kategoria bitan; SMS bidezkoa (160 karaktere gehienez) eta posta elektroniko bidezkoa (100 hitz gehienez). Euskera batuan zein edozein euskalkitan idatzi daitekez testuak. Egileak argi adierazo beharko dau zein argazki hartu dauen oinarri. Parte-hartzaile bakotxak, gehienez be, testu bi bialdu ahal izango ditu; kategoria berean bi, edo testu bana kategoria bitan.

Parte hartu ahal izateko izen-emote fitxea bete behar da, www.egizu.org/literatura/argihizkiak helbidean. Ostean, parte-hartzaileek hona bialdu beharko ditue testuak: argi.hizkiak@gmail.com helbidera edo 619 935 541 telefono-zenbakira.

Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak egingo dau lehenengo galbahea, eta ondoren Laura Mintegi, Irati Elorrieta, Unai Elorriaga eta Iñaki Friera idazle getxoztarrek osotutako epaimahaiak irailaren 10ean emongo dau epaia. Kategoria bakotxean irabazle bat izango da eta 150 euro jasoko ditu. Ganera, argazki bakotxeko testu irabazle bat egongo da, eta eurentzako saria lanak Torrene aretoan ikusgai ipintea izango da. Jasotako testu guztiak webgunean ipiniko ditue.

Informazino zabalagoa behar izan ezkero: www.egizu.org/literatura/argihizkiak, argi.hizkiak@gmail.com edo 619 935 541 telefono zenbakian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu