UEUren Udako Ikastaroak Baionara ailegauko dira garagarrilaren 4an

Bizkaie! 2012-07-03 13:23   jardunaldiak

UEUren Baionako Udako Ikastaroak garagarrilaren 4an hasiko dira. Danetara, sei ikastaro emongo ditue Baionako Unibersidadean hilaren 4tik 5era.

UEUren Baionako Udako Ikastaroak garagarrilaren 4an hasiko dira. Danetara, sei ikastaro emongo ditue Baionako Unibersidadean hilaren 4tik 5era.

Ondoko ikastaroak prestau ditue Baionan: Musika-hezkuntzarako baliabide tekniko eta espresiboak, Kontu txikiak eta euskaraz mintza eta jolas tailerra, Soziolinguistika: kontzeptu nagusiak, Parte-hartzea aztergai: hausnarketarako gunea, Elikadura burujabetza eta Agroekologia eta Egoera kritikoak gainditzeko teknikak.

Hilaren 5ean egingo dabe UEUren Udako Ikastaroen 40. urteurren ekitaldia, Baionako Euskal Museoan, 11:30ean. Jean Haritxelar Euskaltzaina, Eneko Bidegain kazetaria, MUko irakaslea eta UEUko kidea eta Karmele Artetxe UEUko zuzendaria izango dira ekitaldian.


Bizipozen kutxa

Lau hamarkada bete ditue UEUren Udako Ikastaroek. Hori ospatzeko, eta ikastaroetako bizipenak lehen personan ezagutzera emoteko, blog bat ipini dau martxan UEUk. Bertan, ikastaroetan bizi izandako esperientziak eta egindako ekarpenak plazaratu ditue. Daborduko, hirurogei bizipen dagoz irakurgai.

Batzuek hasieratik izan eben harremona UEUgaz. Esaterako, Jokin Apalategi Uztaro aldizkariko zuzendariak Donibane Lohitzunen ezagutu eban UEU, udako lehen ikastaroetan. Pariseko Unibersidadeetan emondako sei urteetan topau ez nituan etxekotasuna, senidetasuna eta kidetasuna agertu jatazan bat-batean UEUn, azpimarratzen dau. Lehen aldiz euskeraz egiten genduzan jakintza trukaketak izan ziran askorentzat. Aurrez guretzat ez zan egon sekula euskeraz egindako formazinorik. Antzeko eretxia dau Kike Amonarrizek, izan be, berari UEUk euskeraz bizitea posible zala erakutsi eutson. Lehen urte hareetan, euskerazko formazino askorik izan ez arren, jentearentzat aberasgarriak izan ziran euskarazko eskolak.

Pili Kaltzadari taldean lan egiten, eta lan-taldea maitatzen erakutsi eutsen ikastaroek. Beste batzuei, leku berriak ezagutzeko aukerea emon deutse. Arturo Elosegik hainbat urtekera egin ditu euskal mendietara, eta bakotxean bizipen barriak jaso ditu. Berbarako, Agoiz tabernara sartu ziraneko jazoera umoretsua kontetan dau:

Sartu, eta tabernariari: “Tenemos 90.000 pesetas de bote. Empieza a sacar cerveza, y cuando se acabe me avisas”. Ha lanean hasi zan, baina ezin danen egarria asetu. Gaueko hamabietarako, tabernaria eta haren emazteaz gan, UEUkide bi be garagardoa ataraten genbilzan. Goizeko ordubata aldera dirua amaitu zala eta beste zeozer ipini genduan. Goizeko lauretan despedidea, txanpaina tabernariaren kontura. Ez dot uste sanfermin osoan halako negozioa egingo ebanik.

Halango hamaika topa daitekez Bizipozen blogean. Aines Haristoyk UEUn giro gozoa bizi ebala azaldu dau:

Mugazgaindiko talde proiektu honek lapiko zolan itsatsitako itxaropen gordeak inarrosi dizkit;
euskaraz lan egiteko eta gozatzeko parada berriz piztu;
errealitate hotza emeki-emeki, epeldu, pil-pil jarri;
elkarlanaren tela altxatu;
etorkizun bero-bero eta ahogozo baten aurre-gustua eskaini.
Azkenburukoa dastatzeko orduan,
lehen koilara milikatzeko momentuan,
UEUko gozozale atseginekin mahai inguruan esertzeko irrikan nago.

Xabier Amuriza eta Pako Aristik ere idatzi deuskue. Amurizak mendian benta moduko batera su bila joan zaneko istorioa kontetan dau, eta bertan emakume bategaz izandako barriketaldia dau ardatz. Aristik, barriz, UEUn bizitakoagaz maitemintzeko leku apropos horiek... titulupean publiko egiten ditu bere gomuta gozoak.

Azkenengo ekarpena, aste honetakoa da. Gaztea irratian egindako zozketaren irabazleak bidalita. Izaskunek eta Asierrek Dimako landetxean izan eben UEUgaz harremona. Landetxeko familia benetan jatorra eta ona, lekua izugarria eta parajeak be ederrak, etxean legez egon gara. Eta ganera, bi joan eta hiru etorri gara bueltan etxera. Bai, bai ondo irakurri dozue, izan be, Landetxean txakurtxu bat euken eta ia etxera eroan nahi genduan esan euskuen. Lehenengotan burutik be ez jakun pasa etxera ekartea baina ikusi genduanean etxe kanpoan, gustau egin jakun, Nekanegaz berba egin eta azkenean, ezin eutsi geugaz ekarri barik eta Ekhik, Nekaneren semeak, oparitu egin euskun txakurra. Egin euskun oparia eta gero, eurekaz gogoratzeko txakurrari be Ekhi izena ipini deutsagu, dinoe poz-pozik.

Hemen dagoz bizipen guztiak irakurgai: www.unibertsitatea.net/blogak/ueu40. Eta UEUren ikastaroetan egondakoa bazara, eta zure bizipena kontau gura izan ezkero, hona idatzi: komunikazioa@ueu.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu