Mikel Bizar: 'musikeak espero genduana baino askozaz gehiago emon deusku'

Koldo Isusi Zuazo 2010-06-18 15:03   Barriketan
Idi Bihotz taldeko abeslaria

Hamalau urtez heavy metala euskeraz landu eta zabaldu ostean, 96. urtean, Bizar anaiek euren lehengusu baten laguntzinoagaz abiarazotako Idi Bihotz talde bilbotarrak agur esatea erabagi dau. Danetara, 54 kantu, estudioko 5 disko, zuzeneko CD eta DVDa, VHS home bideoa, ehundaka kontzertu eta ilusino handiz betetako ordu piloa. Erabagi hartuta dago baina aurretik, azken kontzertua emon nahi dabe zaleei behar dan moduan agur esan eta ibilbide osoko abestien errepasoa egiteko.


1.- Hamalau urte joan dira eta sarreran aitatutako datu horreez gan, makinatxu bat esperientzia biziko zenduezan hemengo eta kanpoko eszenatokietan... Baten bat nabarmenduko zeunke?

Momentu gogoangarriak asko izan dira, berbarako, Kataluniara joan ginan lehenengo aldia ederra izan zan. Aurrez ez genkian zer topauko genduan han, ez genkian ze giro topauko eta ze erantzun jasoko genduan. Ostera, upealakoa izan zan, 400-500 bat lagun gure kantuak kantetan. Benetan, ederra izan zan. Katalunian jarraituz, pasau izan jaku, kalean zehar joan eta albotik kotxe bat bentanilak bajauta pasau eta gure musikea topera eroatea.

Horrezaz ganera, hasierako momentuak, lehenengo diskoa eta gure lehenengo zuzenekoetan jentea gurea kantuak kantetan ikustea be ez daukadaz ahaztuteko. Gero, jakina, 14 urteko ibilbidean, egindako bidaia batzuk eta bisitautako leku ederrak azpimarratuko neuskizuz eta, batez be, taldeak eta lagunak ezagutu doguz eta lagun handi egin gara. Guretzat idoloak ziranak orain lagunak dira eta hori oso polita da.

Beste gauzatxu bat be aitatu behar deutsut, izan be, ezusteko ederra hartu gendualako Erresuma Batutik deitu euskuenean, gure hirugarren diskoa Britainia Handiko Rock Hard-en urteko diskoen artean egoala esateko.


2.- Momentu txarrak be biziko zenduezan...

Bai. Beti esaten dogu gauza bera, baina golpe gogorra hartu genduan hirugarren diskoagaz gengozanean, giza laguntzan ebilen koadrilako lagun bat hil ebelako Kolonbian.

Horrezaz ganera, urteotan kontzertu, entsegu, bidai, promozino eta enparauak tarteko makinatxu bat ordu emon doguz eta familiak eta lagunek be igarri dabe hori, baina, badakizu, 'gustoko lanean aldatzik ez'.


3.- Lehenengo maketa baten ostean, 'Herriaren taupada' eta 'Arimaerratu' diskoak etorri ziran eta 99ko Aste Nagusian emon zenduen kontzertua ondo gogoan eukiko dozu, ezta?

Zelan ez. Momentu zoragarria. Bigarren diskoa atara eta berehala Bilboko Aste Nagusian joteko deitu euskuen, gure herrian, gure zale eta lagunen aurrean eta Gas plazea lako eszenatokian. Martitzena zan, Urtz eta Zea Maysegaz jo genduan eta gu azkenak izan ginan; goizaldeko 04.00ak edo izango ziran eta ganezka egoan inguru guztia. Oso urduri gengozan, oso gazteak ginan, praka motzetan urten genduan, baina oso giro ona sortu zan eta oso ondo pasau genduan.


3.- Zergaitik orain agurra?

Adrian taldekideak emon eban lehenengo pausua. Gauza asko pilatu dira, baina erabagiorrena lana, bizitza familiarra eta taldea buztartzeko zailtasuna izan dala esango neuke. Gu ez gara musikatik bizi eta azken aldion sano gogorra egiten izan jaku arlo danak behar dan moduan eta gitxieneko normaltasunez eroatea. Ensaioetara joateko be familiagaz egoteko orduak erabili behar izan doguz, desorduetan ibili gara, umea kuman itxi eta ensaioetara joan, hurrengo egunean goizean goizetik jagi eta beharrera joateko. Beste datu bat: oraingoz azken kontzertua Viñarocken emon dogu eta kaosa izan da, ze alkartzeko benetako arazoak izan doguz eta ez dogu izan astirik ezertarako be. Leku askotatik be deitu izan deuskue jaietan joteko eta ezetz esan behar izan dogu. Azkenenan, horregaitik erabagi dogu taldea bertan behera itxi eta agur esatea.


4.- Argitaratu dozuezan diskoen artean, azpimarratzekoa zuzeneko CD-DVDa, goi mailako kolaboratzaileakaz grabautakoa, besteak beste, Su Ta Gar, Latzen, Lujuria, Tierra Santa, Median Azahara eta Maite Itoiz sopranoa. Holako lan bat grabau eta agur esatea errazagoa subertatzen al da?

Bai. Ibilbide musikal bati amaiera bikaina emoteko modua izaten da zuzeneko lana. Dana dala, guri musikeak espero genduana baino askozaz gehiago emon deusku eta zuzeneko lanik barik be oso pozik egongo ginateke; lehenengo diskoa ataratea be sari ederra izan zan. Baina egia da, goia jotea izan da lan hori argitaratu ahal izatea. CD-DVDa edizino berezian atara genduan, kartoizko kutxeagaz eta goi mailako kolaboratzaileakaz, aitatu dozuzan horreezaz ganera, Hamlet, Sober, Koma, The Kelly Familyko Jon eta Maite eta beste batzuekaz. Zoragarria izan da. Edozelan be, denporeak emoten deutsun ikuspegiagaz konturatzen zara zer egin dozun. Urte bi joan dira lana argitaratu genduanetik eta orain ikusten dogu kristona montau genduala.

Eta benetan dinotsut gaur egun holako lan bat egitea ezinezkoa izango litzatekela. Ez genduan ezelako bildur eta lotsarik izan jenteari deitu eta kolaborazino eskaerea egiteko. Jente asko etorri zan eta batek be ez eban ezer kobrau. Argi dago, musikaz aparte musikeak asko emon deuskula, berbarako, lagunak.


5.- BBK Live, Derrame Rock, Kobetasonic zein Viña Rock jaialdietan eta mundu mailako talde handiakaz batera jo izan dozue, Metallica, Iron Miaden, Red Hot Chili Peppers edota Suicidal Tendencies lako taldeakaz. Amesik ederrenean be ez zenduen holakorik imajinauko...

Egia da. Kamerino batean eta alboan Metallicako jentea jesarrita ikustea ames polita izan zan, Metallicaren DVD edo bideoklip batean egotea lakoa izan zan, atara kontuak! Holako jenteagaz jo behar izateak bildur puntua be eransten deutsu, baina aldi berean ahaztuezinezkoa da. Dana dala, BBK Live-n jo eta hurrengo egunean, Araian, Gasteizen jo genduan, herri txiki-txikian, eszenatoki txiki-txiki batean eta 4000 watt-egaz. Bezperan, BBK Live-n 22.000 watt-egaz jo genduan eta 52 metro koadroko eszenatokian. Hori ez da diruagaz pagetan. Pentsau ez arren, igoal geratzen naz Araiako kontzertuagaz, hori dalako intimoagoa, hurragokoa, gure publikoa azken finean. Ze jaialdi handietan, jentea izar handiak ikusten joaten da...


6.- Japonian be diskoak saldu izan dozuez. Zelan da posible?

Bai. Gehiago izan da Elkar diskoetxearen kontua. Lehenengo diskoa atara, SGAEren datuak jaso eta hor izan genduan disko salmenta horreen barri 1997an. Kontua da ze Elkarrek Alaitz eta Maider, Mikel Laboa, Idi Bihotz eta beste batzuen diskoak bialdu zituala Japoniara eta dana saldu zala. Bigarren eta hirugarren diskoakaz be jaso genduzan datu batzuk baina anekdota hutsa dirala esango neuke. Hori bai, Japoniako bizilagun batzuk euren etxeko apalean edo gure diskoren bat edo beste eukiko dauela pentsetea bakarrik oso pozgarria da.


7.- Zuon agurragaz hankamotz geratzen al da heavyaren eta metalaren arloa?

Bueno, nik uste dot Euskal Herrian ez dagoala estilorik. Euskal Herrian, berbarako, Gatibu, Ken Zazpi edo Betagarrigaz batera joten dozu eta lehenengo lerroetako jentea ez da mobiduten eta hor ska, heavya eta rocka edo popa dagoz, esan gura dot oinarrian euskal musikea dala. Hemen, gurean jenteak edozer entzuten dau, sormen handia dago eta estilo eta joera askotako taldeak dagoz. Dana dala, gaur egun Euskal Herrian modak dagoz, boladak, hau da, talde batzuk betikoak eta betidanik dagozan arren, gero badagoz beste batzuk bolada jakin batean puntaren puntan dabilzanak eta gero desagertu egiten diranak, Hemendik at kasu.

Oro har, euskal musikea asko bajatu dala uste dot. Talde pilo bat dago baina 80. hamarkadako nibela, Kortatu eta beste batzuekaz, behera joan zan, barriro suspertzeko Latzen, Exkixu, Su Ta Gar eta holakoakaz baina azken aldion, barriro, makalaldian gagozala uste dot. Gure esku dago goranzko bidea hartzea.


8.- Internet, deskargak, pirateria... Zein da zure eretxia?

Diskoak ez dira saltzen baina nork ez dau musikea entzuten? Mundu mailako artistantzako, akaso, kaltegarria izan daiteke deskargen kontua musikatik bizi diralako baina gu lako taldeontzako kalte baino mesede egin deuskula pentsetan dot. Zure kantuak deskargeteak esan gura dau jente pilo batek ezagutu eta entzungo zaituala. Guk salmentetatik ez dogu diru askorik ikusi eta, beraz, zenbat eta deskarga gehiago, hobe.


9.- Zaleei agur esateko kontzertu bat iragarri dozue. Noiz izango da?

Guretzako sano inportantea da agur esateko kontzertua, ibilbidearen hasieran, kaixo esatearen parekoa. Bilbon, gure herrian, gure jentearen aurrean, kontzertu berezia izango da. Ilusino handiagaz gabilz. Kontzertu bakarra ala bi izan daitekez, oraindino erabagi barik dago. Segurutik Kafe Antzokian izango da urriaren 21ean edo 22an, ala bietan. Ez dogu nahi inor kanpon geratzea eta horren araberakoa izango da bat ala bi egitea. Kontzertu berezia izango da eta tartea hartu nahi izan dogu, dana behar dan moduan preparetako, errepertorioa, irudiak eta abar.


10.- Taldeen itzulerak ohikoak diran garaian, Idi Bihotz bueltauko ete da inoiz panorama musikalera?

Batek jakin! Bihar zer pasauko dan be ez dakigu. Gaur atea zarratu eta bihar zabaltzea ez da zentzunezkoa baina ez dago jakiterik aurrerantzean zer pasauko dan. Ganera, taldekideok horrenbeste konpromiso eta estutasunik bako beste proiektu musikal batzuk be badaukaguz eta oraingoz horregaz beteko doguz gure 'behar' musikalak.


Informazino gehiago:

www.myspace.com/idibihotz
Betiko Idi Bihotz

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu