Mikel Hernandez Abaitua: 'gurea lako herri bat 50 urtean euskaldundu daitekela uste dauenak ez daki ezer soziolinguistikaz'

Karolina Almagia 2011-03-04 14:34   Barriketan
Idazlea

Literatura, politika edo musikari buruzko bizipenak eta gorabeherak ditu gai nagusi Azukre xehea, gatz larria (Alberdania), Mikel Hernández Abaituaren (Gasteiz, 1959) ezohiko memoriak. Etorriko haiz nirekin eta Ohe bat Ozeanoren erdian eleberrien eta Ramon Saziarbitoriaren lehen eleberrigintza tesi-liburuaren egileak nostalgia barik begiratzen deutso iraganari.


1.- Azukre xehea, gatz larria. Izenburu luzea bilatu dozu. Zergaitik titulu hori?

Normalean izenburuak nahiko azkar etorten jataz burura, gehiegi pentsau barik, baina kasu honetan bat baino gehiago nituan gogoan, eta duda handiak aukeratzeko orduan. Ez neban izenburu arruntegia nahi, Oroitzapenak adibidez, edo Oroitzapen autobiografikoak. Bizitza gazi-gozoa da eta horregaitik oroitzapen batzuk kontetea logikoa da, gauza gaziak eta gozoak idaztea, azukerea eta gatza. Gaztelaniaz pentsauta mikatzak eta gozoak izango litzatekez argi eta garbi, agridulces, baina euskeraz pentsauta, gazi-gozoak askoz gehiago erabilten da ezti-mingotsak baino, euskera idatzian behintzat. Halan da be, Oroitzapen gazi-gozoak izenburu arruntegia iruditzen jatan, eta zelan azukeretan xehea dan nire gustokoena, eta gatzetan larria, ba holan jartea erabagi neban. Lagun azkoitiar batek aspaldi esan eustan bere etxean sal gorda gatz larria esaten ebela. Saizarbitoriari esan neutsan eta ez eban sinistuten, bere ama azkoitiarra zalako eta holakorik sekula entzun ez eutsolako. Izeba bati galdetuko eutsola esan eustan eta harek baietsi egin eutson gauza asko zirala xeheak eta larriak Azkoitian (xeie eta larrixe” esaten dabela uste dot). Ataungo lagun batek esan eustanez, Goierri gipuzkoarrean jende larria jente zaharra da, adinez handia, eta istripu larri bat, istripu handia da azken finean. Horrexegaitik erabagi eban Euskaltzaindiak letra maiuskulei larri deitzea. Ikusten dozunez, nire hezkuntza filologikoak guztiz biziauta nauka.


2.- Zerk eroan zaitu memoria honeek idaztera?

Nire lehen ipuin-liburuaren 2. edizinoa atarateko orduan epilogo autobiografiko-sentimental bat idaztea otu jatan. Holan izentau neban. Inor konturatu barik pasauko zala pentsau neban, liburuaren 2. edizinoa zalako, ipuin-liburu bat zalako... baina berehala hasi jatan jente asko esaten ze polita zan, ze ondo idatzita egoan, eta horreen artean Alberdania argitaletxeko Inazio Mugika Iraola editoreak epilogoa luzatzeko proposamena egin eustan, liburutxu moduan argitaratzearren. Hasieran ezetz esan neutsan, ez nebala gomuta gehiago idazteko gogorik, baina doktorego tesia amaitu eta pentsatu neban saiakera lehorretik literaturarako pasabide gogor horretan, nobela barri bat idatziko nebala eta egokia izango zala tarteko zeozer idaztea, eta hizkuntzearen eta kontakizunaren edertasuna bilatuz narrazino kutsuz idatzitako oroitzapen autobiografiko batzuk idaztea erraza izango zala begitandu jatan. Hasieran, 80 bat orrialde idatziko nituala pentsau neban, baina 150 bat izan ziran azkenean. Laudorio asko jaso dodaz, nire fikzinoko liburuakaz baino gehiago, guztiz pozgarria ez dana, kar, kar, kar. Orain galderea izango litzateke ia zergaitik erabagi neban epilogo autobiografiko-sentimental hori idaztea, modu tranpatian ebitau dodan kontua, baina ez dot kontauko. Liburu honetan ez dot gauza asko kontau eta hau be ez dot kontauko, azukere xehe gehiago aitatu nahi dodalako gatz larri baino, eta epilogo autobiografiko-sentimentala idazteko motiboak guztiz gazi-gozoak izan ziran. Kontua neugaz batera joango da hilobira, kar, kar, kar.


3.- Esan geinke literaturea eta politikea dirala gogoeta horreen ardatza. Bistan dago zure bizitza markau dabela bi elementu horreek...

Baina beste gai batzuk be jorratzen dodaz liburuan, berbarako, musikea. Hain zuzen be, Euskal Filologia ikasten hasi baino lehen garrantzitsuagoa zan niretzako musikea literaturea baino.


4.- Yoyes edo Mikel Antza lako pertsonaiak ezagutu zenduzan. Horrek be markau zintuan, ezta?

Yoyes ez neban ezagutu, haren gurasoak eta anai-arrebak bai, ostera. Bestalde, Mikel Albisu arrunt gisa ezagutu neban Mikel Antza. Horreek ezagutzeak ez ninduen asko markau egia esan; ETAren eta GALen hilketa basatiek markau ninduen.


5.- Zure obran euskal gatazkea oso presente dago eta, liburuan autortzen dozun lez, istorioetan beti saiatu zara ekidistantzia azaltzen: ipuin batean ETAren atentadu bat baegoen, torturak eta errepresinoa be sartzen zenduzan. Esangura horretan sortzaile lez mugatua sentidu zara?

Ez naz mugatua sentidu, errealidadea errealismo handiz kontau nahi izan dodalako, edo saiatu behintzat, eta Errealidadea eta Egia alderdi politiko guztietatik ekidistante dagoz. Bestalde, hainbat ipuin fantastiko be idatzi dodaz.


6.- Zure ikasle garaian euskaldungo gaztearen barruan ETAren kontra berba egitea tabu zala kontetan dozu liburuan; Abertzale ezkertiarra ez izatea pekatu mortala zan. Gaur egunetik begiratuta, zelako sentimenduak dozuz bolada hori gogoratzean?

Oso garai interesgarria izan zan benetan. Tristea, zirraragarria, gogorra, kitzikagarria, pozgarria, latza... baina guztiz garai historiko interesgarria: diktadura baten amaierea eta demokrazia baten hasierea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, gero.


7.- Arras ezberdina ikusten da Euskal Herria euskeraz ikasi ondoren. Harrigarria da oso, eta erdaldun batek ezin dau imajinau. Bizitza aldatu eutsun euskerea ikasteak.

Neuk aukeratu neban euskereak nire bizitza aldatzea. Ingelesa be aukera neikean, eta horrek be bizitza aldatuko naikean. Zoritxarrez ingelesez halamoduz moldatzen banaz bere, gehiago jakitea eta hobeto berba egitea gustauko litxakit, baina liburuak idazten dodazalako eta irakaskuntzan lan egiten dodalako, ez daukat denporarik ganoraz ikasi nahi neukezan hizkuntzak ikasteko. Frantsesez eta ingelesez modu traketsean egiten dot berba, gero eta okerrago nik uste, baina ondo irakurten dodaz. Katalana, italiera eta portugesa asko maite dodaz eta ulertzeko eta irakurteko nahikoa errazak dira, baina ez dodaz berba egiten. Denporea baneuko, latina, grekoa eta alemana ondo ikastea gustauko litxakit.


8.- Atzera begira jarten zarenean, harrigarria iruditzen jatzula euskalgintzan egin dan bidea esan dozu...

Lehengo egunean Joseba Intxaustiri be holako zeozer irakurri neutson alkarrizketa batean, eta ni baino zaharragoa da, beraz, ondo daki zertaz dabilen. Baina gurea lako herri bat 50 urtean euskaldundu daitekeela uste dauenak ez daki ezer soziolinguistikaz. Hortik baikortasunak eta ezkortasunak.


9.- Oso hurretik jarraitu dozu euskerazko literaturaeren bilakaerea. Zelan ikusten dozu gaurko panoramea?

Oso ondo. Ni idazten hasi nintzanean baino askoz gehiago idazten eta argitaratzen da. Gure hizkuntza literarioa be asko hobetu da. Baina nire ustez gure kalidade literario hutsa, kopuru kontuak alde batera itxita, ez da igon Aresti, Saizarbitoria, Atxaga eta abar hasi ziranetik hona.


10.- Saizarbitoriak ba al dauka ordezkorik?

Idazle bat bera be ez da ordezkaezina eternidade luzean. Baina epe laburrean gatxa izango da Hamaika pauso baino eleberri hoberik idaztea. Nire ustez horixe da oraingoz gure gailurra nobelagintzan. Ehun urte barru garbiago ikusiko dabelakoan nago, oraingo kritiko gehienak be eretxi berekoak izan arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu