Igor Calzada: 'Euskal Hiria euskotarrok erabagiten doguna izango da, kontzeptu edegia da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-11-14 12:36   Barriketan
Ikertzailea eta irakaslea

Oraintsu aurkeztu dau Igor Calzada doktoreak Euskal Hirirantz? Gizarte Berrikuntzatik hurbilketa liburua, gizarte-lurralde eredu barri bat eregiteko hainbat proposamen interesgarrigaz. Gai ugari landu ditu beharrean, besteak beste, hizkuntzea, lurraldetasuna, mobikortasuna, diasporea, parte-hartzea, indarkeria politikoa eta gizarte sarea. Sei urteko lanaren emoitzea da, baina oraindino beharrean segiduten dau, egitasmoa zabaltzen eta gizarteratzen. Hain zuzen be, laster Bilbon aurkeztuko dau: zemendiaren 17an, Eutokian, 19:00etan; eta, 25ean, Koopera aretoan, 12:00etan.

1.- Euskal Hirirantz? Gizarte Berrikuntzatik hurbilketa liburua aurkeztu barri dozu Euskal Gizataldeen V. Mundu-Batzarrean, Kursaalen. Eta zezeilean, izenburu bereko tesia irakurri zenduan Oñatiko unibersidadean. Zein da bata eta bestearen arteko aldea?

2005ean, Miramar jauregiko udako ikastaroetan parte hartu neban, hortxe hasi zan. Sorkuntza eta barrikuntza berbak ez ziran oso ezagunak oraindino; zeozer entzuten zan, baina nahiko gauza barria zan enpresa eta erakundeetan. Mondragon Unibersidaderako udako hiru ikastaro zuzendu nituan, eta Euskal Hiria kontzeptuagaz lotzen hasi nintzan. AEBtara joan nintzan, Nevadara, Renoko Center for Basque Studies-era, Joseba Zulakaigaz. Doktore tesia egiten hasi nintzan, eta Madrilen sari bat emon eustien, ez nebana inola be espero. AEBetatik bueltan Eusko Jaurlaritzan sartu nintzan. Honegaitik guzti honegaitik tesi normal baten ez dagozan datuak agiri dira; ganera, argazki eta grafiko asko ditu. Zezeilan, Oñatin irakurri neban tesia. Azkenengo hilabeteak liburua moldatzen ibili naz. Landa lanak garrantzi handia dauka, persona askoren lekukotasuna jaso dot. Liburua tesia da, bai, baina ia ezer egin barik bihurtu da liburu.


2.- Gizarte-lurralde eredu barriaren ideia lantzen dozu zure lanean. Zeintzuk dira zure proposamenaren ardatz nagusiak?

Bernardo Atxagaren ideia zentral bategaz hasi naz: utopia barri bat sortu behar dogu. Euskal Hiria da nire hasierako hipotesia; Atxagak hasieran planteau eban ikuspuntutik, hain zuzen be. Nire ustez, erakunde publikoek eta gizarte mobimentu ekologistek, bakotxak bere aldetik, oker erabili dabe kontzeptua. Nire proposamena gaur egungo barrikuntza sozialetik abiatuta egin dot, eta nire arloa lurralde garapena dala kontutan izanda. Euskal Hiria kontzeptua eta sare bidezko Euskadi buztartzen ditut; izan be Euskal Hiria ez dot edozein lekutatik aztertzen, gizarte barrikuntzatik abiatzen naz. Aditu askoren eritxia jaso dot, jente askogaz egin dot berba, berbarako, Javier Elzo, Jon Azua, Javier Echeverría, Javier Retegi, Pedro Ibarra, Juanjo Gabiña, Alfonso Vegara eta Mikel Navarrogaz.


3.- Euskal Hiriak zer ezaugarri ditu?

Mila buelta emon ondoren, Euskal Hiriaren definizinoan bost euskal geografia izentau ditudanak dagozala erabagi dot. Nik ikerketa lan bat egin dot, ez da lan politikoa, baina lurralde ikuspuntutik landuta dago. Euskal Hirirantz goaz? Hori da nik egiten dodan galderea. Euskal Hiria izan daiteke uri-erregio bat, baina erregio esaten dodanean ez da erregionalismoa; ingelesezko city region edo gaztelaniazko ciudad región kontzeptuen inguruan nabil berbaz. Gaur egun badagoz Europan lurralde batzuk oso barritzaileak diranak; akaso ez dauke estadurik, baina bai subiranotasun jakin bat. Nire planteamenduaren arabera, Euskal Hiria mapa globalean holango lurraldea izan daiteke. Euskal Hiria landu beharreko kontzeptua da, abstrakzino bat da, konforme; baina Euskal Herria be abstrakzino bat da, ez da existiduten entidade lez. Kontzeptu biak dira asmatutakoak. Euskal Hiria sare gizarte moduan azaltzen dot, soberanistek eta independentistek jorratu leikien bidea dala planteetan dot, baskistek eta autonimistek bere bai, eta españolistek eta konstituzionalistek be. Jakina, norberak bere programeagaz landuko dau.


4.- Eta zein da Euskal Herria eta Euskal Hiriaren arteko aldea?

Euskal Hiria, lehen esan dodan lez, bost geografiatan banatu dot, geografias vascas deitu deutsat gaztelaniaz. Ahalegindu naz ideologiak kanpoan ixten, oso gatxa da, bai, badakit. Euskal Hiria ez da Euskal Autonomi Erkidegoa beste barik, jakina; Nafarroako Foru Erkidegoa be hor dago; eta, Iparralde bere bai. Hiru geografia aitatu dodaz, bi garatzen jataz: bata da zibereuskadi, mundu digitala beste geografia bat bihurtu dala begitantzen jatalako, eta euskereagaz oraindino argiago; eta bestea, diasporea, kontuan izanda gaur egungo diasporea ez dala orain 50 urteko bera.

Euskal Hiria, nire ustez, etorkizunean landu beharreko Euskal Herri hori da. Batzuek kontrajartzen dirala pentsetan dabe, baina kontua ez da herria uriaren kontra ipintea, edo rurala urbanoaren kontra. Lurralde garatu edo aurreratuetan rurala eta urbano oso hur dagozan entidadeak dira. Euskal Hiria izan behar da alkarbizitea gero eta normalagoa dan leku bat, eta edozein egintza politiko bideratzea planteagarria izango dana. Erronka handia daukagu. Euskal Hiria izango da euskotarrok erabagiten doguna. Kontzeptu edegia da. Euskal geografia horretan kosoberania bat egon behar dala dinot; hau da, sare bat badaukagu buruan, uste dot ez dala egokia lurraldetasunaren itsukeria horretatik abiatzea. Abertzaletasunak, uste dot, lurraldetasunetik harago ez dau parametro ideologiko gehiagorik garatu azkenaldian. Euskal Hiria posible da beste lurralde estrategia batzuen bidez, ez lurraldetasun fisikoagaz bakarrik.


5.- Behin eta barriz aitatu dozu sarea. Euskal Hiriaren oinarria da sarea?

Bai, baina sarea esaten dadanean ez dot ean gura sare digitala bakarrik. Hiru konektibidedade moeta jorratu dodaz nire lanean: fisikoa (lurraldetasuna, eta hori baino gehiago), digitala (sare digitala) eta soziala. Azkenengoa, gizarte konektibidadea da, nire eritxiz garrantzitsuena. Atxagak esaten eban lez, artxipielagoetan bizi gara. Alkar ulertu behar dogu, ezin daiteke besteari norberaren herrigintza idea inposau, berba egiteko gaitasuna euki behar dogu. Erraza da esaten, baina gatxa da urteetan artxipielagoetan bizi ostean.


6.- Euskal Hirirako bide horretan, ETAren jarduera armatua behin betiko bertan behera ixteko erabagia bultzada handia izango da, ezta?

Bai, ezinbestekoa da biolentzia politikorik ez izatea. Biloentzia politikoa esaten dogunean ETArena izan daiteke, baina ez da hori dagoen biolentzia bakarra. Dana dala, ETAren komunikatua ezinbestekoa zan konektibidade soziala garatzeko. Bakotxak herrigintza egiteko modua dauka, baina egin daigun berba egin behar dan guztiaz, beto barik eta balentia askogaz. Nik ezin neike albokoari nire herrigintza kodua inposau, proponidu neike eta konbentzitzen ahalegindu.


7.- Euskal lurraldeen artean badago joerea bakotxa bere aldetik joateko. Bat ete dago sarerik, gizarte konektibidaderik?

Mobikortasun fisikoa aztertu dot, zenbat lagun doazen geografia batetik bestera; esaterako, Nafarroako Foru Erkidegotik Euskal Autonomi Erkidegora, edo hortik Iparraldera, eta abar. Sekulako mobikortasuna dagoala pentsetan dogu, baina ez, ez dago. Datuak atara nebazanean, akatsen bat egoala pentsau neban. Iparraldera, berbarako, mobimentu gitxi dago; gehien-gehiena kostaldera, barrualdera oso gitxi. EAEtik mobimentu handiagoa dago Kantabriara edo Errioxara, adibidez. Sare gehiago ipini behar dirala martxan planteetan dot liburuan. Gauzak ez dira gertatzen akordio handiak egiten diralako, egunetik egunera sare horreek eregiten doazelako baino. Liburuan dei bat badago arduradun politiko eta instituzionalei hurreko eskualdeekaz jarduteko.


8.- Kanpoan asko ibili zara tesia idazteko, Irlandan, AEBetan, Alemanian, Japonian... Zeren bila ibili zara?

Euskal Herri edo Euskal Hiria ikertu behar dan gauza bat da, ikusi egin behar da benetan zer bide, mekanismo eta estrategia erabili geinkezan. Ideiak batzeko joan naz kanpora. Oresund izeneko erregio baten izan naz, Suedia eta Danimarka artean dago, Copenhage eta Malmo batzen dituana. Sano ondo funtzionetan dau erregio horrek. Garrantzitsua da be kanpoko kideekaz egotea, gure herria zelan ikusten daben galdetzeko. Gauza bitarako balio izan deust kanpora joateak; kanpoko esperientziak hona ekarteko, eta geurea beste leku batzuetak ezagutarazoteko.


9.- Euskal Herria Dublin (Irlanda) eta Portland-egaz (AEB) alderatu dozu, ezta?

Hango kasuak aztertu, eta Euskal Herrirako gomendio batzi, ekarri dodaz. Portlandeko kasua ezagutzeak aukera asko zabaldu eustazan. Euskal Hiria eta Euskal Herria ez dirala kontrakoak ulertzeko balio izan deust. Oregon zona osoa hartu ezkero, ikusi daiteke uria eta herria oso ondo konektauta dagozala, orekatuta dagoz, trenak dauke. Gurean, hor daukagu AHTa ipini edo ez, eztabaida amaiezina. Oregonen orain 40 bat urte ondo planteu eben zelango garapena gura eben, ingurumena errespetauz. Hemen azpiegituren ganean berba egiten dogunean gatazkea etenbakoa da, izan daiteke Leizaran, Lemoiz edo AHTa. Dikotomia bizi gara, sostengarritasuna edo lehikortasuna, zuria edo baltza. Badagoz eredu batzuk alde bien arteko orekea lortzeko. Portlandeko eredua esanguratsua da, horregaitik jaso dot.


10.- Sei urte emon dozuz ikertzen, baina antza danez, bidea ez da amaitu, ezta?

Harrerearen arabera, ikusiko dogu. Ibilbide luzea izan da, jente asko ibili da inguruan, zeharka edo zuzenean. Lan sakona egin dot, esfortzu handia liburua komunikagarria izaten daiten. Modu dibulgatiboan egin dot, grafikoak eta eskemak sartu dodaz. Lehengo egunean, Kursaalean ordu erdian aurkeztu neban, sintesi bat izan zan. Edozelan be, gai bakotxak askorako emoten dau; ezin dogu AHT edo Guggenheim simplifikau. Batez be, bideak zabaltzeko proposamena da. Danetara hamabi gai landu dodaz, lau ataletan banatuta: Zahartzea eta demografia-aldaketa; Sorkuntza guneak eta Barrikuntza poloak; Lurraldearen urigintzea; Konektibidade fisikoa, AHT; Guggenheim, Tabakalera; Konektibidade digitala; Indarkeria politikoa; Gizarte sareak; Inmigrazinoa, Kultur aniztasuna; Talentua-sormena-ekintzailetasuna; Auzoak eta herriak; Landa eta Uri-bizitzea; Diasporea 2.0; Euskerea 2.0; Identidadea; Parte-hartzea; eta, Lurralde Historikoen Legea. Agiria dago ezin dirala gaiok sinplifikau.


Euskal Hirirantz? Gizarte Berrikuntzatik hurbilketa
proiektuaren inguruan sakontzeko: www.igorcalzada.com edo www.euskalhiria.org

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

icalzada 2011-11-14 17:50 Erantzuna | #1

eskerrik asko nagore. igor.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu