Irati Iciar: 'Gure helburua aurtengo ikastaroetan bizkaitar gehiago batzea da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-06-04 13:49   Barriketan
UEUko ikastaroetako arduraduna

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) 40 urte bete ditu, eta egoera ekomoniko gatxa bizi arren, 40 ikastaro eskainiz ospatuko dabe urteurrena, egundoko eskaintzarik handienagaz. Eibarren, Iruñean eta Baionan izango dira ikastarook, bagilaren 26tik aurrera. Egunotan berbaldi-zikloa egingo dabe Bilboko, Burtsa udaltegian.

Irati Iciarrek hamar urte daroaz ikastaroak antolatzen. Udako ikastaroak, UEUren egoera ekonomikoa eta beste makina bat kontu izan ditu berbagai Bizkaie!-gaz. Bizkaitarrentzako albiste on bat be badauka...


1.- 40 urte bete, eta 40 ikastaro antolatu. Indartsu dator UEU, ezta?

Aurtengo erronkea hori izan da, 40. urteurrena ospatzeko 40 ikastaro eskaintzea. Urteurren apur bat desbardina da, esanahi berezia dauka, ez bakarrik urteak ospatzearren, atzean aldarrikapena be badaukalako.


2.- Inoizko eskaintzarik handiena dozue aurtengoa, ezta?

Hasikerako urteak kontuan hartu barik, azkenengo urteetako eskaintzarik handiena da, bai. Gure erronkea aldarrikapena egitea izan da, UEUren errekonizimendua egitea. Badakizu, egoera ekonomiko delikadua daukagula; Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa galdu dogu, laguntzino oso garrantzitsua, UEUren biziraupenerako beharrezkoa zana, egiturea mantentzen laguntzen euskulako. UEUk bere tokia daukala aldarrikatu nahi dogu, ekarpen handia egiten deutsola euskal gizarteari. Dana dala, aurtengo ikastaroak antolatzeko auzolanean egin dogu behar, gure bazkideekaz eta gure inguruan hur daukaguzan alkarteekaz.


3.- Eusko Jaurlaritzearen laguntasun barik geratu da UEU 2012rako. Zer ondorio ditu horrek UEUn?

Jaurlaritzearen diru-laguntzinoa nominala geunkan, UEUri zuzenean emondakoa, gure egiturea ordaintzeko erabilten dana. Ez egoan deialdi publiko bati lotuta. Ganerako deialdietan parte hartu dogu, eta ikusiko dozue UEUren udako ikastaroen babesleetako bat dala Eusko Jaurlaritzea. Gure laguntzino propioa da galdu doguna, Administrazinoak UEU babesten dauela adierazoten ebana. Onura publikoko alkartea gara; babesletza galtzerakoan, momentu baten UEUren jarraipena bera kolokan egon zan. Abenduan jakin genduan laguntzino barik gengozala. Urtarrilean batzarra egin zan; orduan, UEUko langileek, talde eragileek eta bazkideek erabagi eben UEUk segidu behar ebala, asko egoala oraindino egiteko euskerea eta unibersidadearen arloan.


4.- Aurtengo ikasturtea konpondu dozue, baina hemendik aurrera laguntzinorik izan ezean, zelan egingo dau aurrera UEUk?

Laguntzea galdu arren, guk Jarlaritzeagaz alkarlanean jarraitu dogu, kontaktuak egiten laguntzinoa berreskuratzeko. Beste erakundeekaz be beharrean gagoz. Aurtengoa egin dogu, baina aurrera begiratu behar dogu. Urte osoan, gure kanpo harremonen agendea horretara bideratuko dogu. Foru Aldundien laguntzea badaukagu, Bizkaikoak asko laguntzen deusku, hainbat proiektutan babesten gaitu, udako ikastaroetan, adibidez. Gipuzkoako Diputazinoaren laguntzinoa be badaukagu, Arabagaz ahalegintzen gara, eta Nafarroagaz bere bai. Ipar Euskal Herrian, Euskararen Erakunde Publikoak udako ikastaroei babesa emoten deutse. Urte osoan, bestelako ikastaroak eta egitasmoak antolatzen doguz, eta bakotxak bere babesleak izaten ditu.


5.- Hiru moetako ikastaroak antolatu dozuez, espezializatuak, dibulgazinokoak eta garapen personalekoak, zer dala eta?

Eskaintza anitza egitea da gure helburua, euskaldunak be anitzak gara eta; gure asmoa danen neurriko ikastaroak esakintzea da. Ikastaro espezializatuetan, esaterako, zeozelako ezagutzea behar da, normalean tailerrak izaten dira, trebakuntza zehatz bat lortzeko; dibulgazinokoak, orokorragoak dira; eta, garapen personalekoak, yogea, sendabedarrak eta antzeko gaien ganekoak izaten dira. Ahalik eta eskaintzarik zabalena eta anitzena osotu gura dogu, jakintzearen arlo guztiak landu.


6.- Zelan aukeratzen dozuez ikastaroak, zer erispidegaz?

Erispideetako bat aurreko urteetako esperientzia izaten da, ikasleek balorazinoetan proponiduten deuskuena kontuan hartzen dogu. Horrezaz gan, irakasle, gure bazkide eta gure inguruan dabilzan alkarteen eretxia batzen dogu. Jakintza alor gehienak jorratzea dogu erispide; eskaintza anitza, interesgarria eta erakargarria atontzea. Momentuan gizartean dagozan beharrei erantzun gura deutse UEUk, horregaitik eguneratzen dogu eskaintzea urtero-urtero.


7.- Eta zer da ba jenteak eskatzen dauena, zeren beharra dauka?

Ba, ez da erraza asmetan. Euskaldunei zuzendutako ikastaroak dira, baina danetariko euskaldunak dagoz, izan daitekez langileak, jubiluak, ikasleak, gazteak... Bakotxak behar batzuk ditu. Normalean, ikastaro praktikoak eskertzen ditue, euren egunerakotasunean erabilteko modukoak. Ikastaro parte-hartzaileak eta edegiak egiten ahalegintzen gara, horregaitik talde txikiak izaten dira, gehienez 15 lagunekoak. Ikastaroetan sortzen dan giroa eta hartu-emonak sano garrantzitsuak dira, izan be ganerako mintegietako jentea be ezagutzen dozu, alkartrukea egoten da. Ikasle eta irakasleen arteko mugea ganditzen ahalegintzen gara.


8.- Badago aurten ikastaro bereziren bat?

Neu ibili naz 40 ikastaroak koordinetan, eta niretzat ama bati zein seme-alaba daukan gogokoen galdetzea modukoa da, ez dakit zer erantzun. Nire ustez, ikastaro guzti-guztiek daukie alde interesgarriren bat, ez bada gaia lantzeko modua, irakaslearen esperientzia izan daiteke, edo beste edozer. Edozelan be, ikastaroren bat aitatzekotan, Txillardegiri buruzkoa esango neuskizu. Txillardegi UEUren sorreratik egon da, asko emon eutson alkarteari. Ikastaro-omenaldi antzeko bat egin gura izan dogu. UEUren barru-barrutik sortu da ikastaroa, bihotz-bihotzetik.


9.- Orain 40 urte abiatu ziran udako ikastaroak. Zer aldatu da ordutik? Ikastaroak, ikasleak...

Ikastaroen helburuen artean, gizartearen beharrei erantzutea dagoanez, gizartea aldatzen doan neurrian, ikastaroak eurak be aldatzen doaz. Hasieran, euskeraz ikasteko aukera bakarra zanez, arrakasta handia euken. 80ko hamarkadea izan zan ikastaroen urrezko garaia. Orduan, Iruñeko ikastaroetan aste bi ziran, barnetegia egoan eta 1000 lagun inguru batzen ziran. Euskaldunen topagunea zan. Hori aldatzen joan da, gizartea aldatu dan lez. Euskerearen normalizazinoak ekarri dau jentearen ikasteko pasinoa apaltzen joatea; orain, urte osoan, bizitza normalean aukera gehiago dagoz. Egokitzen-egokitzen gaur egunera arte ailegau gara. Gaur egungo ikastaroak etenbako prestakuntzearen barruan ulertu behar dira; jaiotzen garenetik hil arte gagoz ikasten, udako ikastaroak horretan laguntzen dabe, osogarriak dira.


10. Gaur egun, zein da UEUko udako ikastaroetako ikasleen profila?

400 bat ikasle batzen dira gaur egun. Aniztasuna da nagusi, nahiz eta ikastaroen arabera ikasleen ezaugarriak aldatzen diran. Espezializatuetan, ikasle beharginak dira gehienak; baina, ganerakoetan, argazkia oso anitza da. Dana dala, datu estadistikoak begiratuz, UEUko udako ikastaroetako ikaslea emakumea da, gipuzkoarra, langilea eta 32-34 urte bitartekoa.


11.- Emakumezko gipuzkoarrak nagusi, zelan ba?

Gatxa da asmetea. Geografiak eragina daukala pentsetan dogu. Ikastaroak Eibarren, Baionan eta Iruñean dira, joan-etorriek garrantzi handia daukiela uste dogu. Bizkaitarrentzako, berbarako, Eibar ondo dago, baina Baiona eta Iruñea urrun; Gipuzkoarrentzako, barriz, hirurak nahiko ondo. Gipuzkoa erdirago kokatuta dago, errazago daukie akaso. Horregaitik da hain garrantzitsua Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa. Emakumeei jagokenez, gehiengoa dira unibersidade mailan, danean.


12.- Zein da ba Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoa?

Diru-laguntzea oso-oso ona da; Bizkaiko ikasle unibersitarioek edo ikasle izandako baina lanbakoek doban daukiez matrikulea, garraio-gastuak, ostatua eta mantenua. Oso ona da, ezta? Ikastaroak debalde lortzeko aukerea daukie bizkaitarrek, baldintzak bete ezkero. Argibide guztiak gure webgunean dagoz eskuragai. Bizkaian kanpaina berezia egingo dogu, laster hasiko gara zabaltzen. Hauxe izango da gure mezua: Hiru opor egun Baionan doban. Jakina, ikastaroetara joan behar da, ez dira opor-oporrak, baina aukera itzela da.


13.- Ez da plan txarra, ez...

Plan ederra da. Gure helburua aurten ikastaroetan bizkaitar gehiago batzea da. Bizkaiko Diputazinoaren laguntzearen barri ahal danik eta gehien zabaldu gura dogu, oso ondo dagoalako, eta Aldundiak esfortzu handia egin dauelako.


14.- UEU esan, eta udako ikastaroak etorten jakuz burura, baina urte osoan makina bat gauza egiten dozuez, ezta?

Udako daukagu izenean be, baina urte asko dira urte osoko UEU dala. Ikastaro eskaintza propioa daukagu ikastetxe nagusian, Eibarreko Markeskoan, baina Baionan eta Iruñean be eskaintzen dira ikastaroak. Etenbako formakuntzearen barruan be ikastaroak daukaguz, hainbat formazino plangintzatan parte hartzen dogu, Haur Eskolen Partzuergoagaz alkarlanean gabilz eta abar.

Argitaletxea be bagara. Hasieratik ikusi genduan ikastaroak emoteaz aparte, materiala behar zala. Urtero 10-12 liburu kaleratzen doguz, danak unibersidade mailakoak, euskera hutsean, eta gehienak eskuliburuak dira.

Aldizkariak daukaguz, papelean Uztaro, eta beste batzuk sarean. IKT eta Interneteko munduan oso sartuta dagoz. Inguma datu basean, euskal komunidade zientifikoa batzen da, esaterako. Tesiker, euskerazko tesiak argitaratzen dituan datu basea daukagu. IKTeen ganeko eta softwarte librearen inguruko hamaika egitasmotan parte hartzen dogu.


15. Zeintzuk dira UEUren etorkizuneko erronkak?

Epe laburrean, egoera ekonomikoari bueltea emotea, administrazinoen babesa berreskuratzea. Horrek lasaitasuna emongo deusku aurrera begira zer landu eta zer egin ikusteko. UEUren helburua da euskal unibersidadea sortzea, gure genesian dagoan ideia da. Hori da gure asmoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu