Euskaltzale, Ibaizabal eta Eguna argitalpenak digitalizau ditue

Saioa Torre Gereketa 2007-01-25 01:00

Susa argitaletxeko Mikel Elorzak egin dau lana Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz eta www.bizkaia.net eta www.armiarma.com weguneetan topauko dozuez ale danak.

Orain arte Foru Liburutegian gordeta egon diran Euskaltzale eta Ibaizabal aldizkarien eta Eguna egunkariaren aleak digitalizau eta Interneten jarri ditue eskuragarri Bizkaiko Foru Aldundiak eta Susa argitaletxeak. Bizkaiko Foru Diputadu Belen Greaves, Kultura zuzendari Ricardo Bilbao eta Euskara zuzendari Gotzon Lobera izan dira aurkezpen lanetan.

‘Gaurtik hasita, egunero sarean egun horri jagokon orduko zenbakia argitaratuko da, lehenengo 1937ko urtarrilaren 24ko Eguna urtarrilaren 25a astelehena zan eta astelehenetan ez eben argitaratzen-, gero Euskalzale eta azkenik Ibaizabal’, azaldu dau Greavesek. Ostean, Loberak, argitalpenetara heltzeko www.bizkaia.net webgunean jarraitu beharreko pausuak erakutsi deuskuz (www.armiarma.com webgunean be badagoz eskuragarri). Egunean eguneko alea (‘geia’, sasoi batean esaten zan legez) agertu arren, ale danak irakur geinkez eta, ‘ez hori bakarrik, baita ordenagailuan gorde be bai’. Halanda be, ezin izango da bilaketarik egin, ‘testuak argazki legez digitalizauta dagozalako, grafia desbardinak egozalako sasoi batean eta arazoak sortuko litzatekezalako’. Digitalizazino lanak Mikel Elorzak zuzendu ditu.


Euskaltzale
aldizkaria

Resurrección María de Azkueren gidaritzapean sortu zan 1897an eta Egoitza Bilboko Jardines kalean egoan. Hiru urtez argitaratu zan, euskera hutsean, harik eta 1899ko udagoienean gobernadore zibilak gaztelania sartzeko agindua emon eta zigorra ezarri arte. Zigorrari aurre egin ezin eta zarratu egin zan.

‘Zeozelako bizkaiera batua erabilten eben eta Euskal Herrian eta Erdal Herrian egoan salgai’, zehaztu dau Loberak. ‘Orduko euskaltzaleen bizimoduaren eta giroaren isla zan Euskaltzale eta sasoiko euskal idazlerik ezagunenek idazten eben bertan’.


Ibaizabal
aldizkaria

Bizkaitarrez eta gipuzkeraz argitaratzen zan eta hau be Resurrección María de Azcueren gidaritzapean egoan, makina bat jarraitzaile eta kolaboratzaile izan arren, tartean Ebaristo Bustinza, Kirikiño.

Aldizkaria 1902 eta 1903 urteetan atara eben eta, lehenengoz, herrien ganeko informazinoa zabaltzen hasi zan.


Eguna
egunkaria

Hau be Bizkaian argirataratzen zan eta prentsaren arloan oinarritzat hartzen da, euskera hutsean argitaratzen zan egunkaria zan eta. Sei hilebetez egon zan kalean, 36ko Gerrea heldu arte.

Egunkari normalizau legez funtzionau eban (politikea, nazinoarteko barriak, kirolak...) eta euskal kultureari txoko berezia eskaintzen eutson.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu