Udalekuetan izena emoteko epea edegiko dabe

Bizkaie! 2024-04-22 10:31   Kulturea

Bihar, apirilaren 23an.

Bilboko Udalak bihar, apirilaren 23an, edegiko dau udako aisialdi hezigarri eta osasungarriko udalekuetan izena emoteko epea. Guztira, 5.835 plaza eskainiko dira 3 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteentzat, eta Goizeko udalekuak, Eguneko udalekuak, Udan primeran kirola eginez eta Campusa udal-programetan parte hartu ahal izango dabe.

Aurten, lehen aldiz, Steam Udalekuak be eskainiko dira Esperantzan, 30 plazagaz, neska-mutilak robotikaren eta teknologia barrien mundura hurreratu deien.

Goizeko udalekuetan eta Eguneko udalekuetan 3.485 plaza eskainiko dira (igaz baino 400 plaza gehiago), 2013tik 2021era bitartean jaiotako neskato-mutikoentzat. Eskaintzea, uribilduko barrutietan banatuko da eta izena emoteko epea bihar edegiko da, apirilaren 23an. Esperantzako STEAM Udalekuen kasuan maiatzaren 24an edegiko da.

Beste 2.350 plaza, 6 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Udan primeran kirola eginez eta Campusa programetan eskainiko dira Artxanda, Txurdinaga, Errekalde eta San Ignazioko udal-kiroldegietan. Izena emoteko epea maiatzaren 8an hasiko da abonatuentzat eta maiatzaren 10ean ez abonatuentzat. Udan primeran kirola eginez programearen barruan 30 plaza gordeko dira dibersidade funtzionala daukatenentzat.

Programazinoren helburu biak dira udako hilabeteetan familiei kontziliazino-premietan laguntzinoa eskaintzea eta neska-mutilei ondo pasatzeko, kirola egiteko, esperimentatzeko eta sozializatzeko aukera emotea.

Steam udalekuak

Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Zientzia, Teknologia eta Barrikuntza Planaren barruan, Esperantza ekipamenduak STEAM udalekuak eskainiko deutse 9 eta 14 urte bitarteko 30 neska-mutikori, garagarrilaren 1etik 12ra, 9:00etatik 16:00etara. Esperientzia dibertigarri baten bidez, robotikea, programazinoa eta teknologia barriak esperimentauko ditue. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 2tik 15era da.

Eguneko eta goizeko udalekuak

Eskaerak aurkezteko epea, 3-12 urteko umeentzat (2012tik 2020ra bitartean jaiotakoak), bihar edegiko da hilaren 29ra arte. Eskaria hemen egin daiteke.

Programea bagilaren 24tik irailaren 6ra bitartean izango da. Goizeko udalekuetan parte hartuz gero, ordutegia 9:30etik 13:30era izango da. Eguneko udalekuen eskaintzea aukeratzen bada, jantoki-zerbitzua egongo da, 09:30etik 16:00etara. Familiek aste bat, bi edo hiru aukeratu ahal izango ditue.

Udan primeran kirola eginez

Hainbat kirol-modalidade eskaintzen ditu, 6 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta. Guztira, 1.980 plaza eskainiko dira, eta horreetatik 30 dibersidade funtzionala dabenentzat izango dira. Asteka egingo da bagilaren 24tik irailaren 6ra bitartean, 9:00etatik 14:00etara, Artxandako, Txurdinagako, Errekaldeko eta San Ignazioko kiroldegietan.

Izena, maiatzaren 8tik aurrera emon daiteke Bilbao Kirolak-en abonatuen kasuan, maiatzaren 10etik aurrera ez abonatuen kasuan. Kirol egokituko jarduerak San Ignazioko kiroldegian egingo dira, bagilaren 24tik 28ra, garagarrilaren 1etik 5era, garagarrilaren 8tik 12ra, garagarrilaren 15etik 19ra eta garagarrilaren 22tik 26ra.

Campusa

Udaleku horreek 4 kirol-modalidade eskaintzen ditue: gimnastika erritmikoa, gimnastika artistikoa eta tranpolina, erraketa eta jantza modernoa. Izena, Bilbao Kirolak-en webgunean eta kiroldegietan bertan emon daiteke, maiatzaren 8tik aurrera Bilbao Kirolak-en abonatuen kasuan, maiatzaren 10etik aurrera ez abonatuen kasuan.

Artxanda eta Errekaldeko kiroldegietarako autobus zerbitzua aurreikusten da, astean 20 euro gehiago ordainduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu