2008-07-05
Pentsetan dot jente askori pasauko jakola atzo niri pasautakoa: inoren deiaren esperoan egon, edo inori deitzeko asmoa euki, eta sakelakoak koberturarik ez! Hasieran ez neutson garrantzirik emon, bilera bat euki nebalako Donostian koberturarik ez izateko moduko zulo batean. Orduan informatika ikasten daben danei irakasten deutseen urrezko erregela aplikau neban: amatau eta atzera biztu… eta koberturarik ez! Bizitzan aurrera egin neban telefonorik barik, baina aurreikusi bako aldaketa asko eginda (egia esan, atxakia edarra da mobilik barik bizitzeko).
Amak gaur esan deust Euskalteleko denda batean esan eutsiela bonba bat jarri ebela Araban eta horrek kalte egin eutsola Bizkaiko sareari. Berria aipatzen dauen egunkari bakarrak, ostera, El Correok, matxura baten errua izan zala azaltzen dau.
1. itauna: Matxura, bonba ala zer ____ pasau zan?
2. itauna: Euskaltelek ez deusku azalpenik emongo erabiltzaileoi?
3. itauna: Kalteordainik eskatu geinke?
Publizidade-kanpaina eraginkorra egin eban Euskatelek frikien kontuagaz, baina emoten dau benetan behar danean komunikazinoak huts egiten deutsola.
Jarri Orokorra-an | Iruzkin 2 »
2008-06-27
Jose Luis Lizundia euskaltzainak artikulu interesgarri bat atara dau Getxoko uriolen ganean. Artikuluan Faduraren esana eta izana aztertzen dauz: Fadura berbari buruzko azalpen zehatzak eta Fadurari berari buruzko jakingarriak eskaintzen ditu. Irakurketa esanguratsua, dudarik barik.
Jarri Orokorra-an | Iruzkin 1 »
2008-06-14
Txirritak bertsoakaz egiten eban lez, senide bati, arrebari, eskatu deutsat nik ahoz esaten deutsadazan berbak berak idatziz emoteko. Gaixorik nago: astearte iluntzean gorputzeko atal guztiak makaltzen hasi jatazan, eztarria itxi eta tenperatura igotzeagaz batera. Medikuaren arabera laringoamigdalitisa daukat, ogean astebete dopatuta pasatu ezkero osatzen dan gaixoa. Lasai, ez nator pena emotera. Gaixo egoteak ezohiko gogoetak ekarri daustaz. Zaila da egungo gizartean geldi egotea. Gauzak gero eta azkarrago egiten doguz: lehengo gutunak berehalako mezu elektroniko dira orain, orduak gero eta kilometro gehiago daukaz, baina gorputza lehengo bera da. Egia da droga gero eta eraginkorragoak doguzala, baina hain onak ez dira izango astebeteko etena eskatzen badau eztarriko min txatxu batek. Eta trenetik astebete jaitsi beharra larregi da; horregaitik jente asko, tartean ni neu, ez da trenetik jaisten ez baldin bada hiltzear dagoala. Trenak, ordea, hitz emon dau hiru egunetan Parisera helduko dala, eta bost barru Berlinera. Eta gidariei gaixo zagozala esaten deutsezunean, konturatzen zara zeure moduan egon danak ez dauela arazorik trena gelditzeko; egoera horren barri ez daukanak, ostera, onartzeko beste erremediorik ez dau izango, gaixotasunak legalak baitira, baina kostata ulertuko dau. Eta nekez ulertuko dau gaixotzearen arrazoiaren zati bat, agian, trenaren abiaduran datzala. Gaixotzeak badau gauza on bat: ezin dozu lan egin. Lan egitea arrazionala da oso, eta gaixotzeak ez dauka zentzurik. Gaixotzean ezin da ondo pentsau, begiak erraz nekatzen dira eta edozein posturak min emoten dau segundo gitxira. Gaixotzea emozionala da. Gaixoaldiko “denbora libreak” besterik gabe gaixotu zaran ala zeure osasunarekiko “negligentea” izan zaran pentsatzera bultzatzen zaitu. Eta bigarrenak azkenekoz noiz gaixotu zinaen gogorarazoko deutsu, eta urte baterako gaixoaldi larregi dirala ondorioztatuko dozu. Abiadura handiegia daroa trenak.
Jarri Orokorra-an | Iruzkinik Ez »
2008-06-08
Hartz batek 10 kilometro egin dauz hegorantza, gero 10 kilometro ekialderantza eta azkenik 10 kilometro iparrerantza, hasierako abiapuntura itzuliz. Zein koloretakoa da hartza?
Jarri Horreek itaunak-itaunak horreek-an | 6 Iruzkin »
2008-05-29
-Ama, ni zergatik naiz
bi hizkuntza lasai
hitz egiteko gai?
-Elebidun egin nahi
baitzintudan, Unai,
munduan ibiltzeko
kontent eta alai
gaztelaniaz eta
euskaraz ere bai…
Zuretzako onena
baino ez nuen nahi.
-Ama, lar ez ote da
bi jakin beharra?
Aski da bakarra!
-Unai, bihur ezazu
hizkuntza txamarra:
Saihesteko elurra
edo kazkabarra,
bakar bat ez ote da
aukera kaskarra?
Hobe hartzea xira
ta forro polarra.
-Ama ez dut euskaraz
egiten tarteka
kostatzen zait eta!
-Pentsa hizkuntza dela
zure bizikleta:
Astero eman ezik
dozena bat buelta,
gero ta urrunago
izango du meta,
herdoildu egiten baita
ganbaran gordeta.
-Jonek soilik erdaraz
ikasten du dena
eskolan barrena!
-Haren amak harentzat
nahi zuen onena,
baina aukeratzean
hizkuntza, hurrena,
ondo pentsa dezala
zer den nahi duena
ez baitu aukeratzen
bakarrik batena!
-Lau euskaldun eta bi
erdaldunen juerga:
zein da euren jerga?
-Erdaldunak ezarriz
bere hizkuntz zerga,
euskaldunak ezin du
berea kontserba,
baina benetan galdu
nahi duguna, zer da?
Manera onak edo
euskaldunon berba?
-Guztiok bi hizkuntzak
ikasi ezean
gu bion antzean?
-Biak dakizkigunok
geronen etxean
ez dugu aukerarik
izango hitzean
eta hasiko gara
erdara hutsean
aurrekoaren lehen
hitza aditzean.
Jarri Orokorra-an | Iruzkinik Ez »