Errimak oinetan

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2012-06-07 14:07

Oina esaten jako bertsolarien “jergan” errima daroan berbeari. Zeozelan esateko, metafora hori errealidadera ekarri dau Haatik jantza konpainiak bertsolaritza oinarri dauen Errimak oinetan jantza emanaldian. Leioan izan nintzan, estreinaldian, eta hau publizidaderako gunea ez bada bere, ezin izan deutsat eutsi gaia hona ekarteari. Ederra izan zan ekitaldia. Bada, publizidaderako ez, baia bloga eretxia emoteko gunea badanez, aikor:

Emonaldiak badauka bertsotik, badauka jantzatik, errimatik, erritmotik, ironiatik, jolasetik, irritik… bertso-saio baten egitureari jarraitzen deutsie jantzariek, eta off ahotsak ipinitako gaieri jantzan erantzuten deutse.

Bi alorretako zuzendarien hausnarketa eta lankidetza ageri-agerian dagoz: Unai Elizasuk (gai-jartzailea eta bertso-eragilea) eta Aiert Beobidek (jantzaria) gogoeta asko egin dabe, batak bertsoaren mundutik, eta, besteak, jantzearenetik…

Emoitzea danantzat da aberasgarria. Batetik, esango neuke bertsolariak ekitaldia ikustean bere burua karakterizauta ikusi leikela, ondo ekarrita dagoz keinuak, mobiduteko moduak, taulara igoteko momentua, ur botilagaz zer egin ez jakitearen inguruan egindako ariketea… Beste alde batetik, jantzariek be besteren alorrean sartzean espektakuluak zer beste ezaugarri dituan biziten dabe: seguruenik ez ditue inoz jantzariak bertsolariak lez saio hasikeran aurkezten, eta jantzan hasi aurretik txalotzen…  Horrexek be berezia izan behar dau eurentzat. Eta zer esanik ez, bertsolariek modu batera erabilten daben eszenografia-elementu ketoak bestelako baliabide bihurtzen dira jantzarientzat (aulkia, kasurako).

Taularen ganean ez dago bertsolaririk, bertsolarienak entzun egiten dira: kapritxora eta gustu onez hautatutako bertso-sortatxuak eta emonaldirako berenberegi preparautakoak. Dala, bertsoakaz bat, dala bertsoeri eranzunez, jantzariek be euren sentimen eta emozinoak harilkatzen ditue: bakarka, puntura… Gai desbardinak jorratzen dira: maitasuna, amatasuna, politikea… Bertso batzuk ezagunak dira, beste batzuk emonaldirako sortutakoak, baia danak be indar handikoak. Eta jantzearen adierazpen-indarrean sinisten ez dabenentzat, bertsoari jantzan erantzuten deutseneko ariketea ikustea gomendagarria oso.

Hurrengo bertso saioan jantzan egingo dogu, beharbada.

Ekitaldiaren ganeko informazino gehiago, kasurako, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu