Kirolaren mundu "generikoa" (II)

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2016-01-20 11:01

Profesionalismora, lehen mailako kirolari izatera heltzea, horixe da edozein atletaren amesa. Baina ames hori betetea ez litzateke generoen araberakoa izan behar, ez behintzat bardintasunean oinarritutako gizarte batean.

Bardintasuneranzko bide horretan, oraindino be oztopo franko igaroteko eta aurrerapausu dezente emoteko dagoala esanez amaitu genduan azken atala. Gabonilaren azkenengoatakoa zan orduan, orain ilbaltzaren muinean gagozalarik. Urtebete beraz, baina oztopoak hortxe dagoz, errealidadea distorsionetan eta ezkutatzen. Traba horreetako asko modu isil eta are txarrago, instituzionalean txertatzen dira sarri. Izan be, estaduak sustatutako politika-ereduek emakumea bigarren maila batean mugatuten dabe.

Patriarkatuak eta genero desbardintasun zein banaketeak badauko isladarik geure inguruko kirol alorretan. Adibidez, kirol ekimen eta jardunaldiak bultzatzeko erabilten diran diru-iturriak guztiz manipulatuak dira. Zergaitik? Oso erraza, irakurle. Zer dala eta bideratzen dira XXI. mendeko estadu aurrerakoi, bardintasun zale, demokratiko eta puntakoenetako laguntza ekonomikoen gehiengo argiena gizonezkoen jardunerako bakarrik? Non dago bardintasuna?

Profesionalismora, lehen mailako kirolari izatera heltzea, horixe da edozein atletaren amesa. Baina ames hori betetea ez litzateke generoen araberakoa izan behar, ez behintzat bardintasunean oinarritutako gizarte batean. Hori kontuan izanda, zergatik ez dabe onartzen Espainiako Futbol Federazinoko estatutuek emakumezkoen ligan lizentzia profesionalak egotea, gizonezkoenean dagozan moduan? Datu harrigarria dogu hau, eta are gehiago salagarria eta lotsagarria. Bestalde, liga honetako emakumeen soldatak 400 eta 2000 euro artekoak dira. Lehen mailako taldeetan dagozan gizonezko jokalarien soldatei heltzen badeutsegu, zenbakien mardultasunagaz txundituta geratuko gara.

Amaitzeko, hona hemen Elizabeth Cebrianek (Nazinoarteko Saski Baloi Federazinoko Emakumeen Batzordeko partaideak) emondako deklarazino distiratsuak, egoerearen larritasuna eta kirolean desbardintasunaren, matxismoaren eta genero-banaketearen pisua argi eta garbi erakusten dabenak:

Kamisetak estuak izan behar dira, neskek euren gorputz atletikoak erakutsi ahal izateko (…). Gizonen eta emakumeen uniformeak desbardintzea guztiz logikoa da, emakumeok gure identidade propioa dogula justifiketako. Emakumeen saski-baloia erakargarriagoa egin behar dogu, batetik emakumeentzako, eta bestetik hedabideentzako. Honek ez dauka ezelako zerikusirik sexismoagaz, eta emakumeen ezaugarri atletikoak goraipatzea da helburua.

Gorputz atletikoak, erropa femeninoagoa, ikusleentzako erakargarriagoa, emakumeen eskubideak goraipatzea… Onargatxak eta sinisgatxak diran deklarazinoak, hain zuzen be. Izan be, oraindino asko –izugarri- falta jaku bardintasunaren bidean aurrera egiteko.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu