'Urkiolara joan, zapatak urrutu…', bagilaren 18an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

Jon Urutxurtu 2011-06-09 12:40

Aurtengo errogatibearen nobedadea Arratiatik Urkiolara joateko antolatu dan ibilaldi gidatua izango da. Orain arte be Dimatik, Igorretik, Areatzatik... hainbat jente joaten izan da oinez Urkiolara, baina aurten Zeanuritik abiatuz, ibilaldi gidatua egiteko aukerea izango da, holan, Arratia eta Urkiola lotzen dituan bide klasikoetako bat ezagutzera emoteko.

... Aita San Antoniok barriak egingo ditu dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek. Bagilaren 18an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea; tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, aurten Mankomunidadeak autobus bat ipiniko dau. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Ganera, Zeanuritik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatua be antolatu da.


Egitaraua

Aurtengo errogatibea Bakea, lana, osasuna lemapean egingo da, eta goiburu horren sinbolo legez arbola bat landatuko da Urkiolan. Hamaikak baino lehentxuago, eta Areatzako tirikitilarien doinuek alaituta, ondoetorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako Santutegira, 11:00etan Arratiako abadeek emongo daben mezea ospatzeko. Mezearen hasieran, oraintsu arte bikario izan dan Jose Luis Iza zeanuriztar abadeari oparitxu bat emongo jako; meza ostean, arbolea sartuko dan lekuraino zuzenduko dira erromesak eta landatze ekitaldiagaz egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00ean euren herrietara itzuliko dira.


Oinezko ibilaldi gidatua

Aurtengo errogatibearen nobedadea Arratiatik Urkiolara joateko antolatu dan ibilaldi gidatua izango da. Orain arte be Dimatik, Igorretik, Areatzatik... hainbat jente joaten izan da oinez Urkiolara, baina aurten Zeanuritik abiatuz, ibilaldi gidatua egiteko aukerea izango da, holan, Arratia eta Urkiola lotzen dituan bide klasikoetako bat ezagutzera emoteko. Urteerea Zeanuriko plazan izango da 07:45ean eta Soloetatik gora, Makaztuira igon eta Zumeltza eta Arkaolatik igaroz Urkiolara helduko dira ibiltariak, eta kirola eginez, naturaz gozetako aukerea izango dabe. Arrastian, 15:00etan Urkiolatik aterako dira Zeanurira itzultzeko.


Autobusaren eta oinezko ibiladiaren ordutegiak

- Autobusaren ordutegia:
09:00etan: Bedian.
09:05ean: Lemoan.
09:10ean: Diman.
09:15ean: Igorren.
09:16ean: Arantzazun.
09:20ean: Artean.
09:25ean: Areatzan.
09:30ean: Zeanurin (plazan).
09:31ean: Zeanurin (Altzusten).
Itzulera Urkiolatik: 13:00ean.


- Oinezko ibilaldiaren ordutegia

07:45ean: urteerea Zeanuriko plazan.
15:00etan: itzulerako urteerea Urkiolan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu