Hik Hasi euskal heziketarako egitasmoak Hazi Hezi aldizkaria aurkeztu dau Bilbon

Bizkaie! 2012-05-02 14:49

Helburua, umeek —personek— euren nortasuna garatu deien tresnak eskaintzea izango da, persona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen laguntzea, euren behar emozional, fisiko eta psikologikoak asetzeko.

Hazi Hezi aldizkaria etxekoei zuzenduriko euskerazko heziketa aldizkaria da. Euskal komunidadearentzat, euskalgintzearentzat eta euskal kazetaritzearentzat ekarpen garrantzitsua izango dala adierazo dabe Bilbon Hazi Hezi-ko ordezkariek. Lehenengo zenbakiaren aurkezpen ekitaldian, Irrien Lagunen Klubekoak, eta guraso.com-ekoak eta hezkuntzako hainbat eragile be izan dira.

Hik Hasi euskal heziketarako egitasmoak 17 urte daroaz eskola-komunidadeari zuzenduriko aldizkaria ataraten: Hik Hasi. Eta orain, pausu barri bat egin dau eta etxekoei zuzenduriko heziketa tresna bat sortu dau: Hazi Hezi hiruhilabetekaria, hain zuzen be. Oinarrian, Hik Hasi-ren filosofia bera izango dau aldizkari barriak, eskolarako proposatzen diran helburuak etxerako proposatzen baitira. Helburua, umeek –personek– euren nortasuna garatu deien tresnak eskaintzea izango da, persona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen laguntzea, euren behar emozional, fisiko eta psikologikoak asetzeko.


Guraso.com eta Irrien Lagunak-egaz alkarlanean

Interneten bere txokoa izango dau aldizkari barriak, Hik Hasi-ren gaur egungo webgunea partekatuko dauelako. Aldizkari barriaren edukiari buruzko informazinoa eskuratzeaz gan, iradokizunak egiteko aukerea emongo da bertan, eta baita konsultak bideratzekoa edota harpidetzea egitekoa be. Halan da be, gurasoen interesekoak izan daitekezan gaiak Interneten konsultetako erreferentzia www.guraso.com helbidea izango da Hazi Hezirentzat be. Goiena Komunikazino Zerbitzuek eta Txatxilipurdi alkarteak sortutako ataria da.

Umeei eurei zuzendurik, bestalde, Hazi Hezi-k Irrien Lagunak-en webgunea izango dau erreferentzia, www.irrienlagunak.com. Irrien Lagunak Kluba Euskal Editoreak, Elkarlaneanek eta Katxiporreta pailazo taldeak sustatutako kluba da, Euskal Herriko umeak, gurasoak, hezitzaileak eta hainbat alkarte batu nahi dituana, umeak alkarregaz era dibertigarrian eta euskeraz hezteko helburua dauena.


Aldizkari barriaren oinarriak

Oinarrian, Hik Hasiren filosofia bera izango dau aldizkari barriak, beste era bateko estrategiak eta planteamenduak izan daitekezan arren, eskolarako proposatzen diran helburuak etxerako proposatzen baitira, bi inguruneak norabide berean joan daitezan.

Personearen baliabideetan sinisten dauen heziketea bultzatuko dau Hazi Hezik, baliabide horreek garatzen laguntzeko tresna izan nahi dauelako aldizkari barriak, umearen autoestimuari, askatasunari eta autokonfiantzeari aparteko garrantzia emonez.

Umeez, personez eta familiez gabilzanean, alabaina, atalik atal eta zeharka, errespetuz eta begirunez jokatuko dau ume-, persona- eta familia-eredu askotarikoakaz. Eta ikuspegi aldetik, parekidetasuna sustatuko dau. Era berean, aldizkaria euskalduna izango da goitik behera, eta Euskal Herrian pentsautakoa. Horrek ez dau esan nahi munduan egiten diran praktika eredugarriak kontuan izango ez diranik, eredu horreei hemendik begiratuko jakela baino, Euskal Herriko ikuspegitik eta kulturatik, eta hemengo profesionalen galbahetik pasauko dirala.


Atalez atal, umearen behar guztiei erantzunez

Umearen garapen kognitibo, psikologiko, emozional eta fisikoari buruzko teoriak azaltzetik harago, esperientzia errealak izango dira Hazi Hezi hiruhilabetekariaren bizkarrazurra, familien esperientziak, aholkularienak, irakasleenak, adituenak… Eta bizipen horreetatik ataratako estrategiak, erantzunak eta ereduak aurkeztuko ditu.

Batetik, aholkulari talde zabal batek ekarriko ditu orriotara esperientziak. Psikologoek, pedagogoek, psikomotrizistek, pediatrek, sexologoek, ginekologoek, homeopatek, hezitzaileek eta osteopatek osotuko dabe aholkulari talde hori. Aldizkaria eta berorren atalak diseinetan lagundu dauen talde profesionalak, hain zuzen be. Eta bi funtzino izango ditue aholkulari horreek: batetik, nork bere espezialidadean, eguneroko lanean ikusten dituen eta bizi dituen gaiak ekarriko ditue erredakzino-mahaira; umeak, gurasoak edota aitita-amamak kezkatzen dituen eguneroko gaiak zein diran identifikau ondoren, aldizkarira ekarriko ditue. Era berean, bakotxak bere alorrean, ikerketearen edo hausnarketearen esparruetan topetan dituen ekarpen interesgarriak egingo ditu. Horrezaz gan, espezialista-sare horrek irakurleen kezkak aseko ditu, konsultetarako tarte zabala izango dauelako aldizkariak.

Bestetik, kaleko jenteak –amek, aitek, seme-alabek, aitita-amamek, profesionalek, izeko-osabek…– izandako esperientziak ekarriko ditu. Horregaitik, edoskitze taldeetan nahiz gurasoakaz, gaztetxuakaz edota aitita-amamakaz berba egiteko txokoak sortuko ditu egitasmoak.

Eta, zelan ez, eskoleagazko bideak zabalik izango ditu aldizkariak. Sortzetik beretik ikastetxe guztietara zuzendutako Hik Hasi aldizkariaren osogarri izateko bokazinoz sortua baita Hazi Hezi. Horregaitik, irakasleen eta gurasoen arteko hartu-emonak –eskolen eta familien artekoak– landuko dira, topaketa guneak sortzeko helburuz.

Sormen aldetik umearen gaitasun eta beharrei be erantzun nahi deutse barripaper horrek, jarreren, espazioen edota materialen bidez sormena garatzen laguntzeko baliabideak eskainiz. Kultureak, arteak, musikeak edota ahozko literatureak nahiz literatura idatziak be izango dabe tartea. Betibe, aldizkaria euskalduna eta euskaltzalea izanik, arreta berezia eskainiko deutso euskal kulturearen transmisinoari.


Hazi Hezi-ren harpidedun egiteko aukerea

Udabarrian hasi, eta urtaro bakotxeko Hazi Hezi aldizkariaren zenbaki barri bat argitaratuko da, hiruhilebetero bat, urtean lau zenbaki, beraz. Aldizkaria etxean jasoko dabe harpidedun egiten diranek, baina horrezaz gan, liburu-denda eta kioskoetan be salgai egongo da aldizkaria. Hik Hasi aldizkariaren harpidedunek baldintza bereziak izango ditue Hazi Hezi-ren harpidetzea egiteko orduan, izan be, urte osoko harpidetzea 20 euro beharrean, 15 eurokoa izango da kostua eurentzat.

Hik Hasi-ren harpidedunek lez, Hazi Hezi-ren harpidedunek be abantailak izango ditue Hik Hasi egitasmoaren jardueretan, besteak beste, udako topaketetan, jardunaldietan, bidaia pedagogikoetan edota egitasmoak argitaratzen dituan materialetan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu