Urkiolara joan, zapatak urrutu…

Bizkaie! 2012-06-12 15:38

Erne eta tente lemapean, bihar, bagilak 13, ospatuko dabe San Antonio Paduakoaren Eguna Urkiolan. Jaieguna ospatzeko, besteak beste, ganadu eta nekazaritza produktuen azokea antolatu ditue.

Erne eta tente lemapean, bihar, bagilak 13, ospatuko dabe San Antonio Paduakoaren Eguna Urkiolan. Jaieguna ospatzeko, besteak beste, ganadu eta nekazaritza produktuen azokea antolatu ditue.

Bilboko gotzain nagusiak emongo dau San Antonio eguneko 12:00etako meza nagusia, eta ostean Lekeitioko abesbatzak emonaldia eskainiko dau.

Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluzek bertso saioa eskainiko dabe eguerdian eta trikitilariek alaituko dabe giroa egun osoan.

Errepetizinoa, barriz, datorren domekan, bagilaren 17an, egingo da.


Arratiako Errogatibea

... Aita San Antoniok barriak egingo ditu dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek.

Bagilaren 16an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea; tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Mankomunidadeak autobusak ipiniko ditu. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Ganera, Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be preparau ditue.

Aurtengo errogatibea Bakea eskatu, bakea zabaldu lemapean egingo da. Goizeko hamaikak baino lehentxuago, ondoetorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako Santutegira, 11:00etan Arratiako abadeek emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, Lemoako parrokiako umeak eta gaztetxuak aurtengo errogatibearen lemeagaz bat datorren sinbolo bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratu diranei. Eta ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herritara itzuliko dira.

Igaz legez aurten be Arratiatik Urkiolara joateko ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da. Orain arte be Dimatik, Igorretik, Areatzatik... hainbat jente joaten izan da oinez Urkiolara, baina aurten Dimatik eta Zeanuritik abiatuz, ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da, holan, Arratia eta Urkiola lotzen dituan bide klasikoetako bi ezagutzera emoteko. Urteereak ondoko orduetan izango dira; Dimako plazan goizeko 06:00etan eta Zeanuriko plazan 08:00etan.


Bizkaiko Aldundiak dobako autobus zerbitzua jarriko dau

Bizkaiko Foru Aldundiak dobako autobus zerbitzua antolatu dau Durango eta Abadiñotik Urkiolara joateko, bagilaren 13an eta 17an, San Antonio egunean egiten dan igoerea dala eta. Zerbitzua ekologikoa izango da eta, ingurumena babesteaz gan, Urkiolako Parke Naturalaren errepidean zirkulazino arazoak egotea eragotziko dau.

Zerbitzu hau Urkiolako Parke Naturalaren zaintza hobetzeko beharrizanetik sortu da, zenbait egunetan -San Antonio egunean, adibidez-, ibilgailu asko pilatzen dalako inguruan.

Kontuak kontu, Durangotik, 10:00etatik 19:00etara, etenbako zerbitzua izango da, Madaletan plazatik, eta Abadiñotik, autobusak izango dira 9:00, 10:00 eta 11:00etan, Zelaieta-Txanportatik (BBKren aurrean), Traña-Matienatik (eskolen aurrean) igaroz. Urkiolatik itzultzeko, 17:00etan eta 18:00etan izango dira Traña-Matienara eta Zelaieta-Txanportara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu