Muxikebarrik 'Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival' jaialdiaren hainbat jarduera hartuko ditu

Bizkaie! 2024-02-21 10:16   jardunaldiak

Inaugurazino-galea zezeilaren 28an izango da.

Algortako Muxikebarrik Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival-LKBSFF jaialdiaren inaugurazino- ekitaldia hartuko dau datorren eguaztenean, zezeilarenk 28an, hirugarren urtez jarraian.

Europako surf jaialdi garrantzitsuenetako bat izango da, zezeilaren 28tik martiaren 3ra , Getxon eta Bilbon (Itsasmuseumen eta haren inguruan). Getxoko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Sailaren babesa dau ekitaldi honek.

Inaugurazino ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da Muxikebarriko Ereaga aretoan eta bertan surf, zinema eta kirol industriako gonbidatuek hartuko dabe parte. Nobedadeak aurkeztuko dira, besteak beste, aurtengo dinamika jasangarri barria, SurfAid nazinoarteko Gobernuz Kanpoko Erakundeagaz lankidetzea edo EITBgaz batera Primeran euskerazko streaming plataformarako landutako Surfing 360 asmo handiko proiektuaren aurkezpena.

Proiekzinoak protagonisten esku-hartzeakaz dinamizeteaz gan, urtero Itsasmuseum Bilbaori emoten jakon surf taula personalizatua azalduko da.

Egun horretan bertan, goizean, 09:30etik aurrera, proiekzinoak, berbaldi bat eta erakusketea be izango dira Getxoko ikastetxeentzat, surfari eta iraunkortasunari buruz.

Eguenean, hilaren 29an eta barikuan, hilaren 1ean, ikus-entzunezko industriari eskainitako jardunaldi bi izango dira eta, besteak beste, ondoko gaiak jorratuko dira: Euskadin produzidutea, 2024an ikus-entzunezko produkzinoaren kakoak etaAdimen artifiziala ikus-entzunezkoetan.

Barikuan, hilaren 1ean, Fangalokan, eko-party bat izango da eta hor jaialdiaren dinamika jasangarria aurkeztuko da eta, horrezaz gan, María Martinez eta Laura Coviellaren film laburren proiekzinoa be iragarri dabe eta musikariek be ez da faltako, izan be, Guillermo Gutierrez, Willy, Los Brazos-eko gitarristearen kontzertuaz be gozetako aukerea egongo da.

Informazio gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu