Hortzmuga antzerki taldeak Unamunoren Bilbo erakutsiko dau bagilean

Bizkaie! 2014-06-02 14:53   jardunaldiak

Miguel de Unamunoren jaiotzearen 150. urteurrena gogoratzeko antolatu dan jarduera-eskaintza zabalaren barruan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Unamunoren ibilbideak egingo ditu bagilean Zazpi Kaleetan zehar, Hortzmuga antzerki taldearen eskutik.

Miguel de Unamunoren jaiotzearen 150. urteurrena gogoratzeko antolatu dan jarduera-eskaintza zabalaren barruan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Unamunoren ibilbideak egingo ditu bagilean Zazpi Kaleetan zehar, Hortzmuga antzerki taldearen eskutik. Bisita gidatu honeek lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta dagoz gehienbat, baina helduek be ekimen honetan parte hartzeko aukerea izango dabe asteburu batez, bagilaren 7an eta 8an, Arriaga plazea abiapuntutzat hartuta.

Helburua, Miguel de Unamunoren figurea ezagutarazo eta XIX. mendearen amaierako Bilbon kokatzea da. Ibilbidea Arriaga plazatik abiatu eta Unamuno plazan amaituko da, Posta kalea, Done Jakue plazatxua eta Zamudioko Atea zeharkatu ondoren. Bisitaldian, idazlearen umezaroko Bilbo harek eukan etxurea, giroa eta ohiturei buruzko zertzeladak emongo dira, Bilboren gaur egungo ezaugarriakaz konparauta.

Era berean, idazkietan betirako geratu diran Don Miguelen bizitzako zenbait pasarte eta zehetasun be aitatuko dira, besteak beste, Deustu aldean egindako udako oporraldiak, itsasadarrarren bazterretako jarduerak eta giroak, pentsalariaren ibilbiderik gustukoenak, Bilboko berbakera tipikoa, Erronda eta Gurutze kaleetan izandako bizilekuak, ezagutu zituan personaia ospetsuak eta, zelan ez, bigarren karlistadako eta Bilboren setioko gomutak.

Ikasleen bisitaldietan, arreta berezia egingo jake Unamuno ikasle ibili zan eskoleari eta ikastetxeari, eta egungo ikastetxeen aldean zituen desbardintasunei, ikas-egutegitik ikasgaietaraino, irakasleak eta horreekazko protokoloak barne. Unamunoren garaiko pasadizuak, jolasak eta hume-kanturik ezagunak be errepasauko dira, baita ikasleen artean egozan erritualak, kaleko burrukak edota Unamunok institutu sasoiko ikaskideakaz zituan eztabaida filosofikoak be.

Eskola-ikasleen bisitak (aldez aurretik adostutakoak) bagilaren 2tik 6ra bitartean egingo dira, 9:30etik 10:30era eta 10:45etik 11:45era. Helduek bisitak asteburuan egin ahal izango ditue, bagilak 7 eta 8, eguerdiko 12:00etan. Kasu guzti-guztietan, abialekua Arriaga Plazea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu