Aurtengo Xalbador Egunean Etxahun Iruri be omenduko dabe

Bizkaie! 2014-09-05 11:30   Bertsolaritzea

Aurten be Xalbador Eguna ospatuko da Urepelen (Nafarroa Beherea), Fernando Aire Xalbador gogoratzeko. Urriaren 18an eta 19an izango da ekimena, eta urtero legez, Xalbadorregaz batera, beste persona bat omenduko dabe; aurtengoa Pierre Bordazarre Etxahun Iruri idazle, kantu eta pastoral egilea izango da.

Aurten be Xalbador Eguna ospatuko da Urepelen (Nafarroa Beherea), Fernando Aire Xalbador gogoratzeko. Urriaren 18an eta 19an izango da ekimena, eta urtero legez, Xalbadorregaz batera, beste persona bat omenduko dabe; aurtengoa Pierre Bordazarre Etxahun Iruri idazle, kantu eta pastoral egilea izango da.

Deiadarra alkarteak eta Euskaltzaindiak antolatzen dabe Xalbador Eguna, eta bi erakundeotako ordezkariek aurkeztu eben bart aurtengo egitaraua, Donostian. Bertan izan dira Itxaro Bethart Deiadarra alkartearen izenean, eta Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzaina.

Xalbador Egunerako egitarau oparoa atondu dabe antolatzaileek. Besteak beste, urriaren 17an, zapatuan, François Rossek eta Mixel Etxekoparrek kantaldia emongo dabe. Domekan, barriz, Etxaun Iruri izango da ardatz, mahai-inguru batean, Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Luxi Etxekopar eta Mixel Etxekoparregaz.


Etxahun Iruri

1908ko maiatzaren 28an jaio zan Pierre Bordazarre, Irurin (Zuberoa) eta 1979ko urriaren 1ean hil zan. Txirulari harrigarria, idazle, abeslari, kantu eta pastoral egilea zan. Berak egindako kantuen artean, akaso ezagunenak ondokoak dira: Agur Xiberua eta Oi ama Eskual Herria.

Etxahun Irurik hamar pastoral idatzi zituan:

- Etxahun koblakaria (Barkoxe, 1953), Parisen emona, 1967an.

- Matalaz
(Eskiula,1955), Parisen emona 1966an.

- Bereterretxe
(Maule-Lextarre,1958).

- Zantxo Azkarra
(Gotaine-Irabarne, 1963).

- Le comte de Treville—Iruriko jaun kuntea
(Iruri,1966).

- Txikito Kanbo
(Maule-Lextarre,1967), urte berean Donostian emona.

- Pette Beretter
(Gotaine-Irabarne, 1973).

- Iparragirre
(Urdiñarbe, 1978).

- Ximena
( Atharratze eta Iruri, 1979). Emakumeek bakarrik protagonizautakoa.

- Iparragirre
(Urdiñarbe, 1980). Ezin izan eban ikusi, bera hil eta gero emon zalako.


Xalbador Eguna 2014 - Egitaraua:

Urriaren 18a, zapatua:

19:00: Kantaldia: Transhumantzia. François Rosse eta Mixel Etxekopar, Urepeleko eleizan.

21:00: Afaria. Mixel Etxekoparren kantuakaz.


Urriaren 19a, domekea:

09:00: Xalbadorren etxolara mendi ibilaldia, etxola eta Urepele ezagutzeko.

10:30: Meza nagusia.

11:15: Mahai-ingurua. Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Luxi Etxekopar eta Mixel Etxekoparrek egingo dabe berba Etxahun Iruriren ganean.

11:30: Larraineko jantzariak, plazan.

13:00: Herri kirolak, Donazaharre (Nafarroa Beherea) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeakaz. Sokatira, sega, orga altxatzea eta lasto altxatzea.

14:00: Bideo emonaldia, Etxahun Iruriren omenez.

15:30: Umeen txokoa.

15:30: Bertsolariak: Ibai Kanpo eta Joanes Etxeberria bertsolari zubetorrak. Ondoren, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II eta Jose Luis Gorrotxategi. Gai-jartzailea: Joxe Mari Iriondo.

17:30: Erromeria, trikitilariakaz.

Urepeleko Herriko Etxearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskadi Irratiaren laguntzinoagaz antolatu da egitaraua. Zapatuko afarirako, edota domekako bazkarirako erreserbak egiteko, deitu 0033624332995 telefono zenbakira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu